Iparraldeko sortzaileentzako komikiak edo nobela grafikoak egiteko laguntzak

2021-01-19

Elkar fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Iparraldeko idazleak euskaraz idaztera lehiatzeko xedearekin, EKE-Elkar literatura beka eratu dute. Bi urterik behin idazlanaren generoa aldatu egiten da. Hala, 2021eko deialdi honetan, komikia edo nobela grafikoa izango da generoa.

Deialdian Iparraldeko edonork parte har dezake, adin mugarik gabe.

Laguntzaren oinarrietan jasotzen denez, “lehiaketan parte hartu nahi duenak, hiru aldakitan eta bere benetako izena agerian jarri gabe, honakoak bidali beharko ditu bere egitasmoarekin batera:

  • Landu nahi duen proiektuaren aipamen laburra, 2-4 orrialdekoa, ezaugarri nagusiak agertuz, hala nola, luzera, estiloa, zergatiak, iturriak, egitura, helburua edo egoki idurituko zaion beste edozein xehetasun.
  • Obraren erakusgai edo lagin bat 4-5 orrialdekoa.
  • Gutunazal hetsia, kanpoko aldean idazlanaren izenburua izango duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia”.

6.000 euroko diru saria izango du bekak, eta maiatzaren 31 arte dago epea egitasmoak aurkezteko. Ekain amaieran jakinaraziko da proiektu irabazlea epaimahaiak eta datorren urteko martxorako egin beharko da lana.

Bekari lotutako xehetasun guztiak: hemen.