“Hondar Ahoak” telesaila estreinatuko du Koldo Almandozek ETB1en

2020-08-25

Asteon amaituko amaituko da Ondarroan Hondar ahoak fikziozko telesail berriaren filmaketa. Koldo Almandoz donostiarrak zuzendua eta Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoy aktoreek antzeztua, thriller eta zinema beltzaren trazekin ondutako suspensezko serie laburra da, lau atalez osatua. Txintxua Filmsek ETBrentzat sortutako lana da.

Telesaila Ondarroan filmatu da nagusiki, kontatzen duen istorioa Euskal Herriko kostaldeko arrantza-herri batean garatzen baita. EITBk jakinarazi duenez, “itsasontzi baten patroiaren desagerpena ikertzea helburu duen polizia-inspektore baten etorrerarekin batera hasiko da istorioa. Kasu hauetan gertatzen den bezala, laster konturatuko da Nerea (Nagore Aranburu aktoreak antzezten duen pertsonaia) ezer ez dela hasiera batean dirudiena”.

Gaizka Izagirre kazetari eta telesailetan adituak hauxe idatzi du Gaztezulon estreinaldiaren harira: “Euskal Herrian dagoen zinema zuzendari (Koldo Almandoz) interesgarrienetarikoa dela iruditzen zait,  ziurrenik rara avis horietako bat delako eta inongo korronte edo taldetan sartu gabe diharduelako agian. Albistea beraz, bi arrazoiengatik iruditu zait pozgarria: euskarazko telesaila delako eta gustuko dudan zinegile batek sortua”.

Halaber, Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Ainhoa Artetxek eta Iraia Eliasek osatzen dute aktore-zerrenda nagusia. Horrekin batera, Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas aktoreek ere parte hartuko dute. “Azpimarratzekoa da Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr jatorri senegaldarreko aktore ez profesionalen esku-hartzea ere”, iragarri du EITBk.