
Garabide elkarteak urtero koordinatzen duen ekimen honetan, Hizkuntzak Biziberritzeko ADITU Ikastaroa, hizkuntza gutxituak dituzten komunitateetako 15-20 ordezkarik parte hartzen dute, eta helburua da euskararen biziberritze-prozesuan metatutako ezagutza eta esperientziak partekatzea.
“Parte-hartzaileek hilabete eta erdiko egonaldia izaten dute Euskal Herrian, eta tarte horretan aukera dute hizkuntza biziberritzeko praktika arrakastatsuenak bertatik bertara ezagutzeko. Esperientzia horien artean, bai gizarte zibiletik sortutako ekimenak, bai administrazio publikoek bultzatutako politikak aztertzen dira”.
Bada, urriaren 16an, Euskararen Etxean izango dira, eta bertako Interpretazio Zentroa ezagutuko dute. Horretaz gainera, Euskararen Etxeko Lantoki kooperatiboan aritzen diren EuskarAbentura ekimeneko ordezkariek haien egitasmoa ere aurkeztuko diete.
“Euskalgintzako hainbat elkarte biltzen diren zentroaren kudeaketa ezagutzeaz gain, bertan dagoen Interpretazio Zentroa ezagutuko dute, bisitari asko jasotzen dituena, eta oso modu ludikoak eta errazean erakusten dituena hizkuntzen inguruko hainbat problematika: euskararen biziberritze esperientzia bera, eta baita hizkuntza aniztasuna, munduko hizkuntzen mapa, edo hizkuntzen galera bera ere”.
Bilboko Kafe Antzokia, Tafallako ikastola edo Iparraldeko Plazara kooperatiba dira hizkuntza gutxituen ordezkari horiek jada ezagutu edo egunotan ezagutuko dituzten beste esperientzia batzuk.
Informazio gehiago, hemen.