“Hi(ZKI)bridoak” egitarauak oso harrera ona izan du

2020-12-11

Literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak zikloa atzo amaitu zen Euskararen Etxean egindako Bertso Saio Literarioarekin. Jendez betetako Berba aretoan, Mari Luz Esteban idazleak eta Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza bertsolariek parte hartu zuten. Saioa halaber, streaming bidez ere eman zen.

Ekitaldiek oso harrera ona izan dute; hortaz, datorren urtean jarraitzea erabaki dugu. Hartara, 2021ean, Hi(ZKI)bridoak egitaraua itzuliko da, ahozkotasunetik eta letretatik abiatutako mutazio berriekin.

Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirola eta Kultura Sailak hi(ZKI)bridoak zikloa abiatu zuen iragan otsailean Euskararen Etxeko irudi berria sustatzeko asmoz.

Guztira lau ekitaldi egin dira. Lehenengoa otsailaren 17an burutu zen, Buztinezko etorkizuna, Itxaro Borda irakurketan eta Ibon RG musikan. COVIDak eragindako pandemiaren ondorioz, gainerako ekitaldiak urritik abendura bitarte egin dira: Orainmenean, Txakur Gorria Sormen Kolektiboaren eskutik; Muga musika-taldearen Anfetamiña ikuskizuna; eta atzo burututako Bertso Saio Literarioa. Bidean gelditu da berruiz, Habiak egitasmoa, osasun-egoera tarteko. Ezinezkoa izan da tamaina horretako ekitaldia ganoraz egitea Anariren kontzertua eta Habiak diskoan oinarritutako arte-erakusketa kolektiboa biltzen baitzituen. Dena den, Habiak datorren urtean egiteko asmoa dugu, Booktegirekin lankidetzan.

Ekitaldi gehienak streaming bidez eman dira, beraz, Euskararen Etxeko Youtube kanalean ikus ditzakezue.

Kasu guztietan, aretoa bete egin da, eta harrera sekulakoa izan da. Honenbestez, mila esker gerturatu zareten guztioi, eta jakinarazi nahi dizuegu 2021ean Hi(ZKI)bridoak egitarauak mutatzen jarraitzeko asmoa duela. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiegu Lanku, Loraldia eta Booktegiri bidean lagun mutante izan ditugulako.