“Hi(ZKI)bridoak” urritik abendura bitarte egingo dira Euskararen Etxean

2020-06-09

Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirola eta Kultura Sailak Hi(ZKI)bridoak izeneko zikloa abiatu zuten iragan otsailean, Bilbon dagoen Euskararen Etxean. COVID-19k eragindako pandemiaren ondorioz, ekitaldi bakarra burutu zen, Buztinezko etorkizuna, otsailaren 27an. Hala, zikloan bildutako beste lau ekitaldiak ezin izan ziren egin.

Hori dela eta, ekitaldiok udazkenean egingo dira, eta errealitate berrira egokituko dira; hortaz, edukiera murriztu beharko da. Horren aurrean, ikuskizunak streaming bidez ere zabalduko dira. Honatx data berriak:

Orainmenean
Txakur Gorria Sormen Kolektiboa
Urriak 8
19:30ean

Bertsolaritzan beti kontatu izan da gizonezko bertsolarien historia. Hala ere, iritsi zaizkigun izen handi horien atzean arakatuz gero, hainbat eta hainbat plaza-andreren arrastoak agertzen dira. Horregatik, Txakur Gorria Sormen Kolektiboak ahalegina egin du bertsolaritzaren hastapenetatik gaur arteko historia hori zalantzan jartzeko eta bertsolaritzaren genealogia feminista posible bat berridazteko, ikusezin izandakoak ikusaraziz. Emakumez osatutako bertso-saio honetan, bertsolariek genealogia horren parte diren datuak eta gertaerak izango dituzte kanturako abiapuntu. Gainera, berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak egongo dira erakusgai.

Muga
Anfetamiña  Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa
Urriak 22
19:30ean

Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da Muga. Poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Xabier Montoiaren lehen poema liburua izan zen Anfentamiña, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa. David Bowiek ilea moztu zuen egunean hasten da historia…  

Habiak
Anariren lan homonimoan oinarritutako arte erakusketa kolektiboa, eta Anari taldeak Habiak joko du zuzenean
Azaroak 13
19:30ean

Musika eta artea lotzen dituen ekitaldia da, zeina Anariren Habiak diskoaren inguruan ardazten den: erakusketa kolektiboa izango da eta diskoan bildutako hamabi kantuen interpretazio plastikoak bilduko ditu. Anari taldeak Habiak joko du zuzenean; denbora zeharkatuko duten soinuak. Booktegik, halaber, erakusketari buruzko katalogo-argitalpena plazaratuko du bere plataforma digitalean.

Bertso saio literarioa
Mari Luz Esteban, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza
Abenduak 10
19:30ean

Mari Luz Estebanek kantuan jarriko ditu Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio. Idazleak pasarte literarioak irakurri ondoren, hari loturiko gaiak proposatuko dizkie. Hiru ahots elkarlanean. Erregistro guztiak lantzeko ahalbidea ematen du. Bertso-saio baten ohiko moldeak hautsi gabe, literaturaz gozatzeko aukera eskainiko da. Ahots mutazioak.