2023ko urritik azarora bitarte egingo da Euskararen Etxean Hi(ZKI)bridoak. Literatura Mutanteak kultur zikloaren laugarren edizioa, zeinak lau ekitaldi bilduko dituen.
Horrekin batera, aurten, Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzaren hirugarren deialdia abiatuko dugu irailean. Laguntzak 3.000 euroko saria bideratuko du 2024ko Hi(ZKI)bridoak zikloan estreinatuko den ekitaldi bat garatzeko.
Hi(zki)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean.
Hauexek dira aurtengo ekitaldiak:
URRIAK 19: Ahots Planeta podcasta, zuzenean
Idoia Carramiñanak zuzendua, Ahots Planeta literatur-podcastaren 3. denboraldia abiatuko du emanaldiak: Idoia podcastgileak denboraldian zehar aipatuko diren gaiei helduko die Albina Stardust-ek lagunduta; norberarenetik eta jolasen bidez, baina literaturarekin lotura eginez betiere.
URRIAK 26: Elkarrizketa bat pianoarekin: Zahartzaroa emakumeen euskarazko poesian. Ainhoa Urien Telletxe eta Nerea Iglesias Lili.
Zahartzaroa izendatu, balidatu eta hausnartzeko aitzakia bat da ekimen hau. Jolas egiteko ere bai, olgeta ez delako umezaroko kontua bakarrik. Euskal emakume idazleek sortutako hamaika poemen bidez hurreratuko gara zahartzarora, eta pianoa izango dugu bidelagun. Elkarrizketan jarri ditugu poemok eta teklatu baten aireak. Atmosfera horrek ahalbidetuko digu, parte hartzaileoi zein publikoari, poesiak zahartzaroari eman dizkion erantzun batzuk bilatzen, galdera berriak sortzen eta gorputzetik sortutako pentsamendu propioak eraikitzen.
AZAROAK 23: Bertsolari bekatorosak, Ane Labaka eta Miren Amuriza bertsolariak eta Dom Campistron ilustratzailea
Dom Campistron ilustratzailearen Bekatorosak lana abiapuntu izanik, bertsotan egingo dute Miren Amurizak eta Ane Labakak. Ilustratzaileak berak egingo ditu gai-jartzaile lanak.
AZAROAK 29: Hau gerra bat da, Piszifaktoria Ideien Laborategia
Lau lengoaia artistiko ditu puzzle honek: hitza, musika, dantza eta mugimendua edo antzerki fisikoa. Rapsoda bat, antzezle bat, dantzari bat eta musikari bat arduratuko dira guztiak josteaz. Polifonia erritmiko bat izango da, beraz. Ikuskizun honek 2022ko Euskarazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntza jaso du.