Hirugarren Hi(ZKI)bridoa, azaroaren 23an: “Bertsolari bekatorosak”

2023-11-06

Dom Campistron ilustratzailearen Bekatorosak lana abiapuntu izanik, bertsotan egingo dute Miren Amurizak eta Ane Labakak. Ilustratzaileak berak egingo ditu gai-jartzaile lanak.

Ekitaldia azaroaren 23an izango da, Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera, sarrera doakoa da, eta Hi(ZKI)bridoak egitarauaren baitan egingo da.

Elkar argitaletxeak plazaratu zuen Bekatorosak komikia 2021ean: “Dom Campistron, liburu grafiko honen sortzailea, Alduden bizi da (Nafarroa Beherea) eta 26 urte ditu. 2019ko udan Nafarroa Behereko hainbat herri txikitako zazpi lagun elkarrizketatu zituen, zazpi bekatorosa. Eta ondoren, paperera ekarri ditu haien borrokak, bakartasunaren mina eta bizi izan dituzten eraso homofoboak, baita beren maitasun istorioak, elkartasun eta itxaropenak ere. Egileak zazpi lekukoen hitzak berresan ditu jatorrizko testigantzen bat-batekotasunari eta originaltasunari eutsiz”.