Imanol Rayo zinegileak filmatutako Hik Kanpaiak estreinatuko da ostiralean. Zuzendariaren bigarren lan luzea da, eta Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarritzen da.
Zuzendariren hitzetan, “film zuzena da Hil kanpaiak: ia apaindurarik ez duena, eta, era berean, osagarri bisual eta eszenaratze argigarriak dituena”.
“Thriller beltz bat da, eta familia baten nondik norakoak jasotzen ditu mamian: gorroto zantzuak, belaunaldien arteko gatazka korapilatsuak, ezkutuan gordetako gorpuak, zigorrik izan ez duten delituak, mendekuaren gordintasuna…”, azaldu du Nagore Arin kazetariak Berria egunkarian.
Gaizka Izagirre kazetariak Gaztezulon jaso duenez, “zinema beltza eta tragediaren artean nabigatzen duen film aparta. (…) 2020an ikusi dudan euskal filmik onena da”. Horrekin batera, Izagirrek Javi Agirreren argazki zuzendaritza nabarmendu du.
Besteak beste, Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Yon González eta Iñigo Aranburu aktoreen lanaren inguruan ardazten da trama: Gerizmendi deituriko baserri bat da guztiaren epizentro; izan ere, giza hezur batzuen arrastoak agertuko dira egun batean. Nola jokatu jakin ez, eta Fermin eta Karmen senar-emazteek Nestor semeari deitzea erabakiko dute; eta Nestorrek, Ertzaintzari. Baina Ertzaintza heltzerako, desagertu egingo dira hezurren arrastoak.
“Ikusleek osatu behar dugun pelikula oso interesgarria da, protagonisten begiraden eta isiluneen bitartez eraiki behar dugun puzzle psikologiko moduan planteatua”, azpimarratu du Izagirrek.