Baztan eta Bidasoa aldeko musikariek, besteak beste, Kaskezur, More eta Tumatxak bandetan ibilitakoek, Goroldio eratu dute. Kaliforniako kostaldean loratutako punk-rocketik edaten du laukotearen proposamenak.
Bada, Pumar (bateria), Imanol (baxua eta koroak), Naxara (ahotsa eta gitarra) eta Iturriak (ahotsa eta gitarra) Briofito izenburuko lan autoekoitzia plazaratu dute. Taldearen arabera, “ziztu bizian doazen gitarra distortsionatu eta ahots koroak nahasten dituena”.
Diskoak dozena bat kantu biltzen ditu, Berako Atala estudioetan jasoak Iñigo Irazokiren gidaritzapean, 2021. urteko udazkenean. Laster, kantuok aurkezten hasiko dira zuzenean.