Gerturatu Eta Lau (GEL) lau saiotan (Donostia, Bilbo, Gasteiz, Zarautz) eta lau ardatzetan egituratutako egitasmoa da; kantaera, entzuleen erabakimena, gorputzen arteko harremana eta bertsolarien erabakimena dira lau saio horietan jorratuko diren gaiak edo ardatzak, betiere bertsolaritzak gure iruditerian finkatutako taldetasuna zalantzan jartzeko asmoz.
“Beti esan izan da bertsolaritza taldeko ekintza dela. Baina, zenbateraino aztertu dugu taldetasun hori? Nolakoa litzateke bertsolaritzaren egitura bera feministagoa, kooperatiboagoa eta horizontalagoa balitz? Bertsolaritza elementu askok osatzen dute, eta batzuetan joera izaten dugu elementu horiek era isolatuan aztertzeko. Bertsolaria eta gai-jartzailea. Bertsolaria eta entzulea. Kantatzen dena eta kantatzen duen gorputza. Testua eta kantaera. Muga zurrunak ezarri ordez horiek lausotu eta bertsolaritza beste leku batetik biziko bagenu, ez ote genuke sorkuntzarako leku eta bide berririk aurkituko?”
Lehenengo saioa, Gauzkaten Eztarri Lerratuak, maiatzaren 6an egingo da Donostiako Larratxo Kultur Etxean: Etxahun Lekue, Haizea Arana, Maddi Ane Txoperena eta Maialen Lujanbio.
Bigarren saioa, Gure Esku Legoke, maiatzaren 11n egingo da, Bilboko Bilborock aretoan: Eneko Lazkoz, Jone Uria, Maider Arregi eta Oihana Iguaran.
Hirugarren ekitaldia, Gorputzak Esango Luke, maiatzaren 18an izango da, Gasteizko Baratza aretoan: Ane Labaka, Aner Peritz eta Nerea Ibarzabal
Azkenik, maiatzaren 25ean azken ekitaldi egingo da, Gaur Edozertarako Libre, Zarauzko Modelo aretoan: Amaia Iturriotz, Oihana Bartra eta Xabat Galletebeitia.
Saio guztiak 18:30ean hasiko dira.
Informazio gehiago, hemen.