Euskararen Etxeak ondu ohi duen Hi(ZKI)bridoak kultur egitarauaren hirugarren edizioa irailaren 22an hasiko da Petti musikariak eta Ana Galarraga zientzia-komunikatzaileak aurkeztuko duten Frankenstein agurgarria ikuskizunarekin. Emanaldia 19:00etan abiatuko da, eta Bilboko Berreginen Museoan egingo da, Euskararen Etxean izango diren obrak tarteko.
Frankenstein agurgarria Victor Frankensteini zuzendutako gutun baten irakurketa da. Ana Galarraga zientzia-komunikatziale eta kulturzaleak sortu du testua, eta hainbat arlo biltzen ditu, besteak beste, zientifikoa, etikoa, feminista eta literarioa. Petti musikariaren laguntzarekin errezitatzen du testua.
“Orain dela 200 urte baino gehiago idatzi zuen, garai oso nahasian, eta paralelismo handia dauka, gauza askotan, garai hark gaur egungo giroarekin eta kezkekin, esaterako: gizateriari buruzko kezkak, beldurrak, autoritarismoa, ingurumena, zientziaren aurrerapenek sortzen dituzten zalantza etikoak… Horiek guztiak Mary Shelleyren garaian bazeuden, liburuan ondo jasota daudenak, baina gaur egun kezka horiek gure gizartean ere badaude; hortaz, ikuskizunarekin dugun helburua, batetik, liburuaren izpiritua gaurkotzea da, Victor Frankenstein pertsonaiarekin eta gutun bidez kontatuz, eta, bide batez Mary Shelleyren figura eta lana aldarrikatzea eta lehen planora ekartzea ere bai”, dio Ana Galarragak iragan apirilean goiena.eus webgunean argitaratutako elkarrizketa batean.