“Euskararen Herria Euskal Hiztun” jardunaldiak online egingo dira

2020-11-06

Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzak ondutako Euskararen Herria Euskal Hiztun izenburuko jardunaldiak online egingo dira, Bilboko Bizkaia aretoan, azaroaren 12an eta 13an. Kontseiluak jakinarazi duenez, “jardunaldiak aldaketa esanguratsu bat izan du: saio presentzialak baztertu, eta ikusleek online soilik jarraitu ahal izango dituzte jardunaldiak”.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera, “segurtasun- eta osasun-protokoloa garatua genuen bertaratuko ziren herritarrei bermea eskaini asmoz, baina azken egunetan ezarritako neurri prebentiboak aintzat hartuta, jardunaldiak online izatera mugatzeko erabakia hartu dugu”.

Urriaren 13an Bilboko Artxibo Historikoan egindako agerraldian aurkeztu zituzten Euskararen Herria Euskal Hiztun jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek eta Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Biek ala biek “Transmisio zein sozializazioaren, hezkuntzaren eta helduen euskalduntzearen eremuak lan-ildo nagusitzat hartuta, euskararen normalizazioan hiztunak sortzeak duen garrantzia azpimarratu zuten”.

Jardunaldien egitarauari dagokionez, jardunaldietan izango diren bi aurkezpen nagusiak eta amaierako hausnarketa nabarmendu dituzte antolatzaileek: “Lehen hitzaldi nagusian soziolinguistikaren diziplinatik ezagutzaren unibertsalizazioak zein kokapen hartzen duen azalduko du soziolinguistikan aditua den Xavier Vilak; bigarrenean, aldiz, gizarteak ezagutzaren unibertsalizazioari buruz duen erantzukizuna izango du hizpide Amaia Etxabek. Amaierako hausnarketa Jone Goirigolzarriren eskuetan egongo da, eta hiztun aktibo izatera iristeko gakoez jardungo du”.