“Euskararen Etxea, plazara” erakusketa ibiltariak bere ibilbidea hasi du Leioako Campusean

2024-09-27

Euskararen Etxea, plazara erakusketa ibiltariak bere bidea abiatuko du Leioan kokatutako UPV/EHUren Bizkaiko Campusean. Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatu dute erakusketa, EHU Kulturaren laguntzarekin, eta irailaren 26tik, Hizkuntzen Europako Egunetik, abenduaren 4ra bitarte izango da ikusgai.

Erakusketa bisitatu dute gaur, irailak 27, Leixuri Arrizabalaga Kultura, Kirol eta Euskara foru diputatuak, Iurdana Acacuso Euskararen Etxeko zuzendariak, Eva Ferreira UPV-EHUko errektoreak eta Junkal Gutierrez UPV-EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzeko errektoreordeak.

Erakusketa Bilboko Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentro berriaren lagin bat da, zentroko edukietatik abiatuta ondu baita.

Zentro berria 2023ko otsailean inauguratu zen, eta Kirmen Uribe idazleak, 2009ko Literatura Sari Nazionala jaso zuenak, eta Patxi Baztarrika soziolinguistak osatutako talde zientifikoaren lanaren emaitza da, baita hirurogei erakunde eta partikular baino gehiagoren parte-hartzearen emaitza ere, elkarlaneko proiektua baita Euskararen Interpretazio Zentro berritua.

“EUSKARAREN ETXEA, PLAZARA” ERAKUSKETA

Euskararen Etxea, plazara erakusketaren bidez, Euskararen Etxeak bere hormak gainditu eta Interpretazio Zentro berriaren edukien lagin txiki bat aurkeztu nahi du, eta herritarrak bere egoitzara hurbiltzera gonbidatu nahi ditu, bisita esperientzial eta ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgildu daitezen.

Euskararen Etxea, plazara erakusketaren helburua da euskara, antzinako hizkuntza izateaz gain, gaztea, zirraragarria eta eraikitzen ari den hizkuntza dela ezagutaraztea, eta baita munduko hizkuntza-aniztasunaren parte dela ere nabarmentzea.

Horretarako, erakusketak askotariko edukiak biltzen ditu, besteak beste, euskararen egunez eguneko egoeraz ohartarazten duten datuak, euskararen historia josi duten pertsonaia eta gertaerak, euskararen etorkizunerako erronkak edo euskal kulturaren aberastasuna eta kalitatea islatzen duten edukiak.

Horrekin batera, erakusketak egingo duen bidean tokian tokiko ezaugarri eta datuak ere erakutsiko ditu, udalerri edo erakundeekin lankidetzak gauzatuko baitira, beren ezaugarri eta ñabardunak erakusteko asmoz. Hala, EHU/UPVk emandako euskarari buruzko hainbat datu jaso ditu erakusketak, eta Leioako Campusean dagoen tartean, hezkuntza-komunitateak euskara nola bizi duen erakutsiko du.

Horretaz gainera, bisitariek haien testigantzak ere utzi ahalko dituzte bisitariek euskararekin duten harremana aztertzea xede duen harien jolas baten bitartez, bai eta galdera irekien bidez.

Azkenik, erakusketak lekua egin dio Gaitu adimen artifizialari euskara irakasteko proiektuari. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak bultzatutako egitasmoa da,  2023an sortua, Common Voice proiektuaren parte gisa.