Euskararen kaleko erabilera antzekoa izan da azken bost urteotan

2022-05-25

Soziolinguistika Klusterrak 5 urtean behin egiten duen Hizkuntzen erabileraren kale neurketaren arabera, kaleko euskararen presentzia “berdin” mantendu da 2016tik 2021era.

Horren harira, Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi lagunetatik bat ari zen euskaraz (% 12,6). Datu hori 2016ko Hizkuntzen erabileraren kale-neurketan bildutakoaren berdina da.

Beraz, datuek erakusten duten egonkortze horretatik atera nahi bada, eta euskararen erabileran hazkunde nabarmena lortu, egokitzapenak eta berrikuntzak aplikatu beharko dira.

Emaitza nagusiak laburbilduta:

  • Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik bat ari zen euskaraz (% 12,6). Datu orokor hau 2016ko Hizkuntzen erabileraren kale-neurketan behatutakoaren berdina da. 
  • Ipar Euskal Herrian euskararen erabilerak beherantz jarraitzen du; beste lurraldeetan gorabeherak daude. 
  • Eremurik euskaldunenean, herritarren %75-100 euskararen ezagutza duen eremuan, behera egin du euskararen kale-erabilerak azken bost urteetan. 
  • Azken bost urteetan, haurren erabilerak gora egin du. 
  • Zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago gailentzen zaio emakumezkoen euskararen kale-erabilera gizonezkoenari. 
  • Haurrak eta nagusiak batera daudenean euskararen erabilera altuagoa da, bereizita daudenean baino. 
  • Hiriburuetan altuagoa da beste hizkuntzen erabilera Euskal Herri osoan baino. 

Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak (Ikerketaren zuzendaria) eta Maialen Iñarrak (Landa-lanaren arduraduna) aurkeztu dituzte neurketaren emaitza nagusiak UPV/EHUren Ibaetako kanpusean.

Informazio gehiago, hemen.

<