Euskararen agertoki berriak proposatzen dituen erakusketa eta jardunaldia ondu ditu Badalabek

2025-02-27

Errenterian Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak jakinarazi duenez, Etorkisuneku 01 erakusketak “etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatu eta horien inguruan hausnartu ahal izateko hiru artelan eta soinu-instalakuntza bat biltzen ditu”.

Erakusketa izen bereko bekatik abiatu da, eta Nora Goyalde, Iraitz Mateo eta Naiara de la Puente artistek parte hartu dute.

Erakusketa ikusgai dago ekainaren 15era arte, eta bestelako jarduerekin osatuko da. Esaterako, martxoaren 14an, Hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat izenburuko jardunaldia antolatu dute.

“(…) abian da Etorkisuneku 01 instalakuntza. Prototipoen museo bat da, erdigunean jartzen dituena artefaktu material desberdinak. Honi lotutako programa publikoak balio behar du bestelako iruditeri bat probokatzeko, diskurtsoak elikatzeko, elkarrizketa kolektibo bat sustatzeko.  Proposatzen den jardunaldi honek balio digu horri guztiari markoa jartzeko. Arituko gara utopiez, zientzia fikzioaz, plausibilitateaz. Eszenatoki desberdinak bisitatuko ditugu, eta jolastuko dugu, eta aztarna utziko”.

Alba Garmendia, Arrate Hidalgo, Helen Torres, Elisabeth Roselló, Ane Abarrategi, Mikel Alvarez, Maite Darceles, Mikel Ayllon, Garazi Albizua, Ulu Media, Ines Osinaga eta Mikel Unamuno dira egitarauan jasotzen diren izenak.

Jardunaldiari buruzko informazio guztia, hemen.