Euskaraldiaren bigarren edizioan izena emateko epea zabaldu dute irailaren 24an, ariketa hasteko bi hilabete falta direla. “Aurreko edizioan moduan, ahobizi eta belarriprest rolekin parte hartuko dute azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialeko parte hartzaileek”.
Gasteizen egindako agerraldian, Euskaraldiaren koordinazioan ari diren eragileekin batera, hainbat erakundetako ¡ ordezkariak ere izan ziren, besteak beste, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria.
Euskaraldia hizkuntza ohiturak astintzeko ariketa soziala dela gogorarazi dute antolatzaileek, euskararen erabilera sustatzeko ekimena. Hala, Euskaraldiko partaideek bi rol aukeratu behar izango dituzte: Belarriprest, “beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira belarriprest, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute”, eta Ahobizi, “euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute ahobiziek”.
Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete. “Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita ariketa egin ahal izateko”.
Informazio gehiago: https://labur.eus/FtMhb