“Buztinezko Etorkizunak” abiatuko du Hi(ZKI)bridoak zikloa

2020-02-24

Ostegunean hasiko da Bilbon dagoen Euskararen Etxean Hi(ZKI)bridoak zikloa, Itxaro Borda idazleak eta Ibon RG musikariak ondutako Buztinezko Etorkizuna ekitaldiarekin batera, 19:30etik aurrera. Egitarauak literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardaztutako zuzeneko bost ekitaldi biltzen ditu.

“Kolapsologoek aipatzen duten munduaren leherketa hurbila dauka ardatz Itxaro Bordaren idazkiak. Kutsadura, gaixotasunak, errepresio soziala, naturaren menderaketa osoa: gure altzairuzko, beirazko eta burdinazko planeta zati honen etorkizuna buztinezkoak baizik ez balitz funtsean? Idazlearen ahots apokaliptikoari sakontasuna ematen dio Ibon RG musikari ospetsuaren Korg sintetizadorearen auhen elektroniko kasik humanoak”.

Hi(ZKI)bridoak literaturaren eta ahozkotasunaren arteko mutazioak dira. Letrak, soinuak, bertsoak eta irudiak eraldatzen dituzten ekitaldiak. Emaitza literatura mutanteak dira, zentzu zabalenean. Mutazioak kaltegarriak izan daitezke izakiontzat, baina ezinbestekoak dira gure existentziarako. Mutaziorik gabe ez legoke aldaketarik, eta aldaketarik gabe ez dugu eboluzionatzen.

Hauexek dira Hi(ZKI)bridoak zikloan bildutako beste lau ekitaldiak: martxoaren 25ean, Muga, Anfetamiña Xabier Montoiaren lehen liburuan oinarritutako eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak argitaratutako egitasmoa; apirilaren 23an, Bertso saio literarioa, Mari Luz Esteban, Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio; maiatzaren 15ean, Habiak, Anariren lan homonimoan oinarritutako arte erakusketa, eta Anari taldeak Habiak joko du zuzenean; azkenik, maiatzaren 28an, Orainmenean, bertsolaritzaren genealogia feminista, Txakur Gorria Sormen Kolektiboaren eskutik.

Euskararen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kirola eta Kultura Sailak antolatu dute egitasmoa, Booktegi, Loraldia eta Lanku erakundeekin lankidetzan.