Booktegik bosgarren urteurrena ospatuko du Usurbilen

2022-08-30

Euskal literatura sarean hedatzen duen Booktegik jaialdia ondu du Usurbileko Sutegi Kultur Etxean urriaren 22an, plataforma digitalaren bosgarren urteurrena ospatzeko asmoz. Horrekin batera, bazkideak lortzeko kanpaina abiatu dute.

Egun horretan, besteak beste, kontzertuak, hitzaldiak eta solasaldiak izango dira goizetik iluntzera arte. Hala, Anarik Habia diskoko kantuak joko ditu -disko horretan oinarritutako arte erakusketa ere ikusgai izango da-, eta Uxue Alberdik eta Amorantek ospakizunerako propio prestatutako emankizuna aurkeztuko dute, Meza Nagusia.

Halaber, idazleen partaidetza handia izango da egun osoan ; tartean, Asel Luzarraga, Edorta Jimenez, Maite Darceles, Danele Sarriugarte eta Bakartxo Iguaran.

Horretaz gainera, Iraia Eliasek eta Hatxek Harkaitz Canoren Azken aurreko manifestua antzeztuko dute, eta Itxaro Borda anfitrioi lanetan arituko da, Xabier Strubell musikariaren laguntzaz. Informazio gehiago, Argia astekariaren webgunean aurki dezakezue.

Azkenik, bazkideak lortzeko kanpaina ere abiatu du Booktegik: “Gure helburuarekin bat egiten duen edozein izan daiteke bazkidea. Hau da, euskaraz idazteko eta irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko gogoz dagoen edozein. Batez ere, euskararen aldeko ekintza da Booktegi, eta aurrerantzean ere dena dohainik eskaini ahal izateko eskatzen diegu laguntza”, azaldu du Aritz Branton Booktegiko arduradunak Berria egunkariak oraintsu argitaratutako elkarrizketan.