Bisita gidatu emankorrak ‘Liburuaren Arbola’ erakusketan, Gorka Arreseren eskutik

2025-01-21

Erakusketaren apailatzaileak bisita gidatu bi eskaini zituen, atzo, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean.

Baliagarriak bezain emankorrak. Halakoxeak izan dira Gorka Arresek Iruñeko Hizkuntza Ofizialean eskainitako bisita gidatuak. Liburuaren Arbolaren apailatzaileak erakusketara bertaraturikoen interesa piztu zuen atzo, jardunaldi bitan. Goizeko saioan, Hizkuntza Eskolako C1 eta C2 mailetako euskara ikasleek parte hartu zuten. Arratsaldekoan, berriz, askotariko herritarrak batu ziren, tartean, Karrikiri euskara elkarteko kideak, literaturazaleak, Hizkuntza Eskolako irakasleak zein ikasleak, idazleak, baita instituzio publikoetako ordezkariak ere. Azken hauen artean egon zen, halaber, Jabi Arakama, Euskarabideko zuzendaria. Denek ala denek Arreseren azalpenez eta liburuaren ezaugarriez, haren anatomiaz, funtsean, literatura euskarriaren magiaz, gozatu zuten.

Karrikiriri gorazarre

Liburuaren Arbola Karrikiri euskara elkartearen bultzadaz eta Hizkuntza Eskola Ofizialeko kideen laguntzarekin joan da Euskararen Etxetik Nafarroako hiriburura. Gorka Arresek euskara elkarteko kideak izan zituen ahotan, eta gogoratu zuen elkartearen denda dela Euskal Herrian euskara hutsezko liburuak soilik saltzen dituen denda bakarra.

Literaturazaleek eta liburuzaleek urtarrilaren 23ra arteko epea izango dute Liburuaren Arbolaz Iruñean gozatzeko. Bertan egongo da erakusketa, Hizkuntza Eskola Ofizialean.