“Bidaide” antzezlana estreinatuko du Metrokoadrokak Atarrabian eta Uharten

2022-01-11

Metrokoadroka sormen laborategiak Bidaide obra berria taularatuko du estreinakoz Uharten eta Atarrabian. Hala, hilaren 14an, Atarrabiako Antzokian ikusi ahalko da, eta 16an, Uharte Arte Garaikide Zentroan.

Estreinaldia Udalbiltzak ondutako Geuretik sortuak egitasmoaren baitan egingo da, izan ere, hiru asteko sormen egonaldiaren emaitza da Bidaide. Udalbiltzaren arabera, “37 herrik, 16 idazlek, 5 zinemagilek eta 5 antzerki konpainiak bat egin dute euskaratik eta euskarazko obra artistikoak sortzeko. Proiektuan parte hartzen duen herri edo herri multzo bakoitzari artista bat esleitu zitzaion, Uharten eta Atarrabiaren kasuan Metrokoadroka antzerki-laborategia izan da”.

Bidaide obrari dagokionez, hau da obraren sinopsia: “Nor ote dago erraldoien gonen azpian? Nola ikusten da mundua erraldoien barrutik? Herrietako erraldoien iruditeriatik modu poetikoan abiatuta, handia eta txikia izatearen arteko aldeaz, herrietako kulturgileen ikusezintasun hautazkoaz edo ez hautazkoaz, kultura bizitzeko moduez mintzo da Bidaide antzezlana. Bidaide antzezlana modu bisual, poetiko eta umoretsuan aldiro modu ezberdinean gauzatuko den teatro-ekintza bat da. Herrietako kulturgileen jarduna gogoan, agian ekintza bera delako, orain eta hemen egin-egiteko behar hori, etorkizunak amesteko aukera ematen digun bultzadarik garrantzitsuena”.