Asier Gastón komiki egile eta diseinatzaile donostiarrak Beti Berdin izeneko komikia argitaratu du euskaraz. Argitalpena Euskararen Etxean eskura daiteke, doan. Pandemia garaian garatutako egitasmoa da Beti Berdin, zeinak izurrite globalaren egunkari gisa funtzionatzen duen.
Irizar herrian , “euskal kostaldeko zehaztu gabeko lekuren batean dagoena”, kokatutako taberna da Beti Berdin. Ostatutik ohiko bezeroak igaroko dira, eta haien harridura, ernegu eta etsipenaren bidez pandemiaren kronika zorrotz, umoretsu eta zurruteroa jasoko du irakurleak.
“Munduko gainerako biztanle guztiak bezala, koronabirus pandemiak ustekabean harrapatu ditu ohiko tabernazaleak, beren bizitzak guztiz aztoratuz… Begirada umoretsu eta ziniko baten bidez, bizitza eta pandemiari buruzko gogoetak ikusteko aukera izango dugu denboran zehar”.
Komikietan aditu Borja Crespok hauxe esan du komikiaren harira: “Tabernak unibertsoaren erdigunea dira eta ditxosozko pandemiak horrela baieztatu digu. Tabernarik gabe, zerbait hiltzen da guregan. Esku artean duzuen komikiak, horretaz eta askoz gehiagoz dihardu. Bizitzaz azken finean, umore eta sarkasmo finez. Zaila egiten zaigu pertsonaia hauek ez maitatzea. Topa dezagun!”.
Informazio gehiago, hemen.