“Basque Writing” argitalpenari buruzko erakusketa paratu du Euskal PENek Euskararen Etxean

2024-11-12

Basque Writing “magazina” Euskal PENek egiten duen argitalpena da, eta euskaraz eta ingelesez argitaratzen da. Euskal PEN erakundearen 20. urteurrenaren harira ondu da erakusketa, eta bertan orain arte argitaratutako ale guztiak ikusgai daude, azaroaren 23ra bitarte.

Euskal PEN 1950ean sortu zen, baina “bizialdi labur” horren ondoren, 1987an berpiztu zen; 2004an, hain justu, abiatu zuen bere hirugarren ibilbidea.

Basque Writing argitalpenari dagokionez, 2008an sortu zen Kataluniako PENek egiten zuen Catalá Writing argitalpena oinarritzat hartuta, euskal kultura modu erakargarri eta bisualean ezagutarazteko asmoz.

Euskal PENen arabera, “helburua da nazioartean ezagutaraztea euskal hizkuntza eta kultura sustatzeko egiten diren ekimenak, betiere ikuspuntu baikorretik, bere txikitasunean, euskarak eta euskal kulturak zer erakutsia badutela sinistuta”.

Euskarazko alea etxean jasotzen dute erakundeko kideek, baina PEN International-eko bileretara ere eramaten dira, zentro guztietan banatzeko helburuarekin. Euskal PENen webgunean ere eskuragarri daude: www.euskalpen.eus