Apaolazak, Bilbaok eta Mutuberriak jaso dute Euskadi Literatura Saria

2022-10-14

Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa ipuin bilduma narratiban, Leire Bilbaoren Barruko hotsak poema liburua haur eta gazte literaturan eta Maite Mutuberriaren Irrimola ilustrazioaren kategorian izan dira lan sarituak.

Narratiba saileko epaimahaiaren aburuz, Bihurguneko nasa (Susa) liburuak “identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du. Atseginez irakurtzen den prosa gihartsuan idatzia dago, eta elaborazio literario zehatzak nolabaiteko gordintasuna ere ematen dio, soberako azalpen eta luzamendu oroz soildurik. Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera da, hiri handiko herrestaren dinamika bizian -ustekabean- irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du detaileen tolesduretan sakontzen”.

Halaber, Leire Bilbaoren Barruko hotsak lanaren harira, epaimahaiak bere forma nabarmendu du, “poesia bisuala” dela azpimarratuz. “Kaligramaren generoa berritzen du, errimaz eta erritmoz betea. Belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko moduko liburua da, jolastia eta umore finez josia”.

Azkenik, Mutuberriaren lan ilustratuari dagokionez, hauxe azaldu du epaimahaiak: “album ilustratuaren kontzeptua beste dimentsio batera eramaten du, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen”.