Etxeko urak izenburuko poema liburua argitaratu Leire Bilbaok. Askotariko formak dituzten 60 olerki inguru idatzi ditu Ondarruko idazleak “amatasunetik” abiatuta. Hala, liburua ez da amatasun idiliko baten ingurukoa, baina, era berean, ez du amatasuna ukatzen.
Lehen pertsonan idatzia, liburuaren izenburua ezinbestekoa da liburuaren egitura ulertzeko, urak blaitutako poemak baitira; hain justu, Ondarroako esaera bat aipatzen du izenburuak. Leirek azaldu duenez, “nire herrian, Ondarroan, ` horrek etxeko urak daukez´ esaten da, alegia, pertsona batek bere etxetik edan duela, hango egiteko eta esateko moduak dituela, badela berez iturburu bat, eten ez den jario bat, eta horrek aitzakia ona eman zidan nahi nuen gaia planteatzeko”. Ama izan den narratzaile bat agertzen da liburuan, eta hurrenkera kronologikoan kontatzen du bere esperientzia, “nola aldatu zaion begirada”.
Protagonistak biziko dituenak lau ataletan banatu ditu idazleak, laurak urarekin lotuak: Urak bota, “erditze bat dago, ama bat jaiotzen da”; Listua, “hizkuntza berri bat hitz egiten du”; Marea, “beste amei begira dago”; Harraska, “eguneroko objektuekin beste zaintza modu bat ikusten da”.
Susak plazaratu du poema-liburua; aurreko biak ere argitaletxe horrek argitaratu zituen, Scaner (2011) eta Aurrez Ezkatak (2006).