Ostegunean, urriak 28, Poesia Kaierak bildumako ale berri bi aurkeztuko dituzte Donostiako Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko sotoan, 12:00etatik aurrera: Alda Merini (1931-2009) eta Saint-John Perse (1887-1975) poeten antologia berriak. Lehenengoa Aiora Enparantza Armentia itzuli du; bigarrena, berriz, Santi Leonék.
Bi itzultzaileak, hain justu, osteguneko aurkezpen-ekitaldian izango dira, bildumaren editore Beñat Sarasolarekin batera.
Argitaletxeak jakinarazi duenez, “Alda Merini 1931n jaio zen Milanen, hil zenerako (2009an), XX. mendeko bigarren erdiko poeta italiar laudatuenetakoa zen. Bere poesia lirikoa da funtsean, nahiz eta sinbolismorako eta are mistizismorako joera (bere poesia berantiarrean, nagusiki) nabaria duen. Poesiaren tradizioan jorratutako gai funtsezko gehienak landu zituen, ondare klasikoarekin dialogoan betiere. Maitasunezko poema bikainak ditu, esaterako, zenbaitetan desamodiozko ere badirenak, edo atxiki ezinezko maitasunarenak. Poeta handi gehienek nola, poesiaren beraren inguruan ere hausnartu zuen, halako moldez non eskakizun poetikoa bizi-eskakizun bilakatzen den. Hamasei urte eskas zituela sartu zuten estreinakoz ospitale psikiatriko batean, eta nahasmendu bipolarra diagnostikatu zioten. Gerora, maiz egin zituen sartu-irtenak, eta bide arantzatsu horretatik ildo poetiko oso bat garatu zuen, non minak eta gorputzak aparteko presentzia duten. Buru gaixotasuna gorputzarena ere badela erakusten digute, nolabait, bere poesiek”.
“Saint-John Perse 1887an jaio zen Pointe-à-Pitre-n, eta Guadalupe irla inspirazio iturri oparoa izan zuen bizitza guztian. Izan ere, nerabezaroaren atarian irla utzi eta Frantziara joan zen bizitzera familiarekin, eta honenbestez, Guadalupeko haurtzaro galdua bikoitza izan zuen nolabait, denborazkoa zein espaziozkoa. Adituek diotenez, irla utzi izanak lorratz sakona utzi zion, eta haren poesian ageri diren zenbait pertsonaia horrekin loturik daude. Giro hori gogora ekartzeko itsas lexiko eta lexiko botaniko joria erabiltzen du Persek, eta aparteko gaitasuna du mundu hura poetikoki berbizitzeko. Ez alferrik, 1960an Nobel saria eman ziotenean, epaimahaikoek “bere sormen poetikoaren irudimen-aberastasuna” nabarmendu zuten. Aberastasun horrek konplexutasuna esan nahi du, halaber, eta, egiazki, irakurleari eskarmentu literarioa eta irakurketa zolia eskatzen dion poesia da berea. Bere garaiko abangoardia poetikoa besarkatu zuen, (post)sinbolismora hurbilduz”.