“Aizu!” aldizkariak argitaratutako ihes-gelen inguruko erreportajean “Euskal Alien Nazioa” jaso dute

2021-03-25

Euskararen Etxean abiatu dugun Euskal Alien Nazioa ihes-gela aipatu dute Aizu! aldizkarian oraintsu argaratutako euskararazko ihes-gelei buruzko erreportajean.

Aizu!ko kideak Elizondoko Baztan Escape Room-eko arduradunarekin, Zarauzko eta Getariako ihes gelen arduradunarekin eta Euskal Alien Nazioan parte hartu zuen euskaltegi bateko ikaslearekin solastatu dira.

Euskal Alien Nazioari dagokionez, Haritz Hinojal (Bilbo, 1995) euskaltegiko ikaslearen hitzak jaso dituzte: “Arrakastaz burutu zuten egitekoa Hinojalek eta euskaltegiko bere ikaskideek. “Hobeto horrela”, egin du barre bilbotarrak: “Oso lehiakorra naiz, eta lortu nahi nuen. Ondo sentitzen zara gero”. Jakingura handia izateari egotzi dio bere abilezia: “Horrelako leku batera ikuspegi irekiz joan behar duzu”. Nolanahi ere, meritua taldearena dela argitu du, ez norberarena. Zientzia fikzioaz euskaraz aritzeak harritu egin ote duen galdetuta, ezetz esan du, ez zaiola arraro egin.
Taldean ondo pasatzeko eta euskara praktikatzeko leku aproposa iruditu zait. Ni bigarren hizkuntza eskakizuna eskuratu nahian nabil euskaltegian, eta ondo ulertu dut dena euskaraz. Maila urriagoa duten beste batzuek ere egin dezaketela uste dut; izan ere, ez da zaila. Ondo egiteko, euskaraz egin behar duzu; edo, bestela, isilik egon”.

Horrekin batera, Euskararen Etxea kudeatzen duen Azkue Fundazioko zuzendari Iurdana Acasusoren hitzak ere jaso dituzte: “Motibazioa pizteko eta areagotzeko aukera ere izan daiteke, bai eta ikasgelako ohiko jardunean bestelako jarduera bat txertatzekoa ere. Ikasleek beti eskertzen dituzte eguneroko dinamikatik kanpoko jarduerak, eta, gure ustez, Euskal Alien Nazioak hainbat elementu biltzen ditu ezohiko jarduera pozgarria eta aberasgarria izan dadin. Neurri batean, abentura txikia da, eta euskaraz, gainera; euskara ardatz duen  ihes gela bakarra. Hortaz, ikasle eta irakasleok,  etorri eta gozatu!” .