Euskararen Erreferentzia Corpus “irekia” aurkeztu du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak euskararen corpus “erakusgarria, orekatua eta kalitatezkoa” aurkeztu du Bilbon. Hizkuntza-, literatura- edo ikerketa-helburuetarako corpus estandar moduan erabiltzeko sortu da, eta hemen dago eskuragarri.

Erreferentzia-corpusa irekia eta kolektiboa da Euskal Herriko 68 erakunde pribatu eta publikorekin batera egin duelako Euskaltzaindiak, baita hedabide nagusiekin eta gizarte-haibat eragile batera ere.

Euskaltzaindiaren webgunean jasotzen denez, “euskararen egunean eguneko erabileraren berri izateko eta hizkuntza-teknologiek ekartzen dizkiguten erronkei aurre egiteko, corpus handiago eta orekatuago baten beharraz jabetuta zegoen Euskaltzaindia”.

Hala, corpus handiago horren xedea ondokoa da: “Analisi linguistikorako, ikasketa automatikorako edo hizkuntza-ikerketetan hipotesiak baliozkotzeko tresna funtsezkoa da, baina baita hizkuntza-, literatura- edo ikerketa-helburuetarako corpus estandar edo erreferente gisa erabil litekeena ere. ‘Egungo’ egoera islatzen duen neurrian, hizkuntzaren irakaskuntzan jarduten dutenek, zuzentzaileek… erabilgarri izango dute EEC, lexiko- (orokorra zein terminologikoa) eta gramatika-zalantzak argitzeko, eta, jakina, corpus handi horietarako eredu egokiak balioztatzeko ere bai”.

EECren datu orokorrak: 123.124 dokumentu, 154,21 milioi testu-hitz, 129.817 lema (2000. urtetik hasi eta 2023ra bitartean euskaraz idatzitako edo ekoitzitako testuetatik hartuak).

Informazio gehiago, hemen.

Ikergazte kongresuan izena emateko epea apirilaren 7an zabalduko dute

Ikergazte kongresua maiatzaren 28 tik 30era bitarte egingo dute Bilboko Euskalduna Jauregian. UEUk jakinarazi duenez, parte hartu nahi dutenek izena eman ahalko dute apirilaren 7tik aurrera.

“Ikergazte UEUk bi urterik behin antolatzen duen diziplinarteko kongresua da. Euskal ikertzaile gazteak elkar ezagutzea, goi-mailako ikerketa euskaraz egiten dela erakustea eta ikerketa horien emaitzak zabaltzea dira haren helburuak.”

Izen-ematearen inguruko informazioa, hemen.

“Liburuaren Arbola” erakusketa ibiltaria Elorrion izango da apirilaren 28ra bitarte

Euskararen Etxeak ondutako eta Susa argitaletxeko editore ohi Gorka Arresek apailatutako erakusketa ibiltaria Elorrioko Udal Liburutegian dago kokatua, apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren Egunaren harira.

Apirilaren 11 bitartean 9:30etik 19:45era egongo da ikusgai, eta hilaren 14tik aurrera, goizez ikusi ahalko da, 9:00etatik 14:00etara.

Erakusketa:

Gizakiak sortu duen gauza unibertsaletako bat da liburua. Beste batzuk dira, adibidez: gurpila, aulkia, artaziak, anestesia, elektrika.

Historiako lehen hedabide masiboa da liburua: aurreneko objektu industriala. Liburua inprimategian saldoka egiteari esker mundua bizkor aldatzen hasi zen XV. mendetik aurrera. Liburuetan esperientziak eta jakintzak elkarrekin trukatuz eta itzuliz, era askotako aurrerapenak egin ziren denbora laburrean.

Liburuaren arbola erakusketak liburuaren izaera azalduko du: hizkia, idazketa, diseinua, inprimaketa. Bisitariak ezagutuko du hizkiek nolako anatomia daukaten, testuek nolako formak hartzen dituzten, liburuak zein parte dauzkan eta nola izendatzen ditugun euskaraz.

Zuhaitz baten modukoa da liburua. Arnasa ematen du: babesa eta itzala, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntza oxigenatzen ditu. Liburua zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu: zure irudimena eta inteligentzia kilikatzen ditu. Abentura bat da irakurtzea, desiraren eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan barrena.

Haurrentzako udako egonaldiak antolatu ditu Euskararen Etxeak

Aurtengo udan ere, Euskararen Etxeak umeei zuzendutako “Udan, hitz eta jolas” egonaldiak antolatu ditu. Hiru txanda izango dira, eta 2014-2018 urteetan jaiotako umeei zuzenduta egongo dira. Zerbitzua doakoa izango da, baina 20 euroko fidantza jarri beharko da.

Izena emateko epea maiatzaren 5ean zabalduko da. Eskaerak jasotako ordenan onartuko dira. Txanda bakoitzean gehienez 15 umek parte hartuko dute, eta jarduera guztiak euskaraz egingo dira. Izena emateko: 944 02 80 81.

Euskararen Etxean, antzerkia, hitz-jolasak, dantza, kantagintza, eta oro har euskararekin eta sormenarekin lotutako hainbat jardueratan parte hartuko dute haurrek.

Egonaldiaren txandak:

  • Ekainak 23 – 27
  • Ekainak 30 – uztailak 4
  • Uztailak 7 – 11

Egonaldiari buruzko bestelako xehetasunak:

  • Adin-tartea: 2014-2018 urteetan jaiotakoak
  • Talde kopurua: 15 ume
  • Ordutegia:  10:00 – 13:30 
  • Doakoa + Fidantza (20€)

Euskararen sozializazioari eta transmisioari buruzko mintegia egingo dute Eibarren

SD EIBAR-en prentsa aretoan egingo dute Euskararen sozializazioa eta transmisioa izeneko jardunaldiaren XV. mintegia, eta kitto euskara elkarteak antolatuta.

Antolatzaileak berak bere webgunean jaso duenez, “transmisioak gaitasuna ezezik, hizkuntzarekiko baloreak eta ardura ere dakartza. Gure ondorengoei eta ingurukoei ematen diegunean hizkuntza horrekiko begirunea erakusten diegu, balekoa dela esaten ari gara eta eurona ere badela adierazten diegu. Gai hau hain garrantzitsua izanik, ezinbestekoa da alor hau aintzat hartzea, modu estrategikoan lantzea eta plangitzak definitzea. Asko gara honen gainean lanean dihardugun euskara elkarte, instituzio, aisialdi talde, irakasle edota guraso elkarteak. Gaiaren inguruan adituak eta puntako hizlariak ekartzeaz gain, gaia askotariko ikuspegitik lantzen saiatzen gara, askotariko estrategia eta plangintza koordinatuen beharra dagoela uste dugulako”.

Jardunaldiaren egitaraua:

08:45: Materiala jaso.

08:55: Ongietorria eta agurra.

09:10: Jendaurrean.eus erakundeek euskaraz komunikatzeko gida.

Asier Basurto Arruti, Soziolinguistika Klusterra.

10:00: Euskararen aukerak eta erronkak adimen artifizialaren garaian.

Aitzol Astigarraga Pagoaga, Orai NLP zentroko koordinatzailea.

10:50: Giza baliabideen kudeaketa euskararen normalizazioaren sektorean:

talentoaren atxikipena eta pertsonen motibazioa.

Arrate Illaro Etxeberria, Hizkuntza normalkuntzako teknikaria.

11:40: ATSEDENALDIA (ARGAZKIA ETA GOSARIA).

12:20: Kirolean eta kulturan, zer?

12:25: Euskararen ibilbidea SD Eibar-en. SD Eibarko ordezkariak.

12:50: Urak eginen du bide.

Alex Aginagalde Lopez, Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea.

13:40 Hausnarketa-dinamika.

13:55 Amaiera eta agurra.

Informazio gehiago, hemen.

Bizenta Mogelen inguruan ardaztuko dira Bilbo Zaharra Forumeko jardunaldiak

Bizenta Mogel, emakume aitzindaria lelopean egino dira aurtengo Bilbo Zaharra Forumeko jardunaldiak martxoaren 5ean eta 6an.

Martxoaren 5ean, hain zuzen, hitzaldia izango da, Yolanda Arrieta eta Josune Muñozen eskutik. Martxoaren 6an, halaber, emanaldi musikala izango da: Itxaro Borda eta Ibon Rodriguez. Ekitaldiak 19:00etan hasiko dira, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Wikipediaren arabera, Bizenta Antonia Mogel Elgezabal (Azkoitia, Gipuzkoa, 1782ko ekainaren 6a – Abando, Bizkaia, 1854ko irailaren 29a) euskal idazlea izan zen. Osaba Joan Antonio Mogelek ikasketak eman zizkion etxean. Horri esker, garai hartako emakume batentzat erabat ohiz kanpokoa zen hezkuntza akademikoa lortu zuen. Ipui onac izenburuko alegia-bilduma idatzi zuen, eta 1804an argitaratu.

Informazio gehiago, hemen.

Laburbira 51 herritara iritsiko da aurten

Martxoaren 7tik apirilaren 11ra egingo da Laburbira, zeinak euskaraz filmatutako zortzi film labur bilduko dituen. Martxoaren 6an Donostian egingo den aurrestreinaldiarekin batera hasiko da aurtengo zirkuitua, San Telmo Museoan, 18:30ean. Aurtengoa XXII. edizioa izango da.

Irudieneak jakinarazi duenez, besteak beste, ondoko filmak pantailaratuko dituzte: “Goya sarietarako hautatutako filmak (Ekain Irigorienen Europa eta Eneko Sagardoyren Betiko Gaua), Alaia Martin, Gipuzkoako Bertsolari finaleko irabazleak Karmele Mitxelena eta Iraitz Mateorekin batera zuzendutako Pentsatzen dut, Itziar Ituño protagonista duen Prosopagnosia edo Utlandsk Huezinema jaialdiko lan irabazlea.

Informazio gehiago, hemen.

Euskararen agertoki berriak proposatzen dituen erakusketa eta jardunaldia ondu ditu Badalabek

Errenterian Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak jakinarazi duenez, Etorkisuneku 01 erakusketak “etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatu eta horien inguruan hausnartu ahal izateko hiru artelan eta soinu-instalakuntza bat biltzen ditu”.

Erakusketa izen bereko bekatik abiatu da, eta Nora Goyalde, Iraitz Mateo eta Naiara de la Puente artistek parte hartu dute.

Erakusketa ikusgai dago ekainaren 15era arte, eta bestelako jarduerekin osatuko da. Esaterako, martxoaren 14an, Hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat izenburuko jardunaldia antolatu dute.

“(…) abian da Etorkisuneku 01 instalakuntza. Prototipoen museo bat da, erdigunean jartzen dituena artefaktu material desberdinak. Honi lotutako programa publikoak balio behar du bestelako iruditeri bat probokatzeko, diskurtsoak elikatzeko, elkarrizketa kolektibo bat sustatzeko.  Proposatzen den jardunaldi honek balio digu horri guztiari markoa jartzeko. Arituko gara utopiez, zientzia fikzioaz, plausibilitateaz. Eszenatoki desberdinak bisitatuko ditugu, eta jolastuko dugu, eta aztarna utziko”.

Alba Garmendia, Arrate Hidalgo, Helen Torres, Elisabeth Roselló, Ane Abarrategi, Mikel Alvarez, Maite Darceles, Mikel Ayllon, Garazi Albizua, Ulu Media, Ines Osinaga eta Mikel Unamuno dira egitarauan jasotzen diren izenak.

Jardunaldiari buruzko informazio guztia, hemen.

Bizkaia Irratia Euskararen Etxetik ariko da zuzenean

Asteartean, hilak 28, irratiko lantaldeak ‘Goizeko Izarretan’ saioa eskainiko du zuzen-zuzenean Euskararen Etxetik, 07:00etatik 09:00etara. Besteak beste, Euskararen Interpretazio Zentroaz, AEKren Deustuko Matxintxu euskaltegiaz, euskalgintzaren garapenaz eta Euskal Herriko Unibertsitateko aktualitateaz ariko dira hizketan. Era berean, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko arduraduna eta Euskararen Etxeko kidea, eta Lexuri Arrizabalaga, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua elkarrizketatuko dituzte.

Ondarroako arrantzaleen kofradiatik batzuetan, eta Loiuko aireportutik besteetan; berdin Gernikako Urriko Azken Asteleheneko azokatik zein Zornotzatik, Frantziako Tourreko etapa hastear zela. Bizkaia Irratiko kideak ohituta daude estudio mugikorra kalera atera eta zuzeneko saioak nonahitik egitera. Bada, oraingo honetan, lehenengo aldiz, Euskararen Etxetik egingo dute zuzeneko emanaldia: irratiko lantaldea goizeko lehenengo ordutik egongo da, bihar, urtarrilak 28, Goizeko Izarretan saioa zuzen-zuzenean bertatik eskaintzen, 07:00etatik 09:00etara. “Kalera irtetea kanpoko protagonistekin aurrez aurre egoteko modu bat da. Horrek freskotasuna eskaintzen dio zuzenekoari, eta euskara gure marka denez, Euskararen Etxea leku ezin aproposagoa da hori guztia lantzeko”, adierazi du Bizkaia Irratiko kide Alfre Elgezabalek. “Izan ere, hau guztia harrerarekin lotu gura dugu, harrera hori euskal kulturatik eta euskaratik egin beharko litzateke-eta. Hona datorrenari Guggenheim zer den azaltzea ederra da, baina horrekin batera, euskara zer den ere azaldu behar diogulakoan gaude, lehenengo berba euskaraz egitearekin batera”, gaineratu du.

“Erakusleihoa”

Biharkoan, horiek guztiak eta gehiago izango dituzte berbagai, baita Deustuko AEKren Matxintxu euskaltegiaren 40. urteurrena eta EHUko aktualitatea ere. Era berean, Lexuri Arrizabalagak, Bizkaiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak elkarrizketa eskainiko du. 08:30ean izango da. Azkue Fundazioko arduradun eta Euskararen Etxeko kide Iurdana Acasusok ere emankizunean parte hartuko du. Azken horrek pozarren hartu du Bizkaia Irratiko kideen bisita: “Euskararen Etxea euskararen bizi-indarraren erakusleiho da. Hori dela eta, Bizkaia Irratiak ezin aukera ederragoa eskaini digu erakusleiho hori handitzeko eta gure lanaren berri zabaltzeko”, adierazi du Acasusok.