Euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar kultur institutuen arteko lehen lankidetza hitzarmena

2020-05-27

Etxepare Euskal Institutuko, Institut Ramon Llull-eko, Consello da Cultura Galega-ko eta Instituto Cervantes-eko arduradunek lehen lankidetza-hitzarmena sinatu dute, hizkuntza horiek eta haien kultura sustatzeko asmoz.

Lau hizkuntzatan hitzartutako elkarlanerako itunak lau urteko indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin, eta lankidetza-esparru bat ezarriko du Espainiako Estatuko berezko kultura eta hizkuntzak sustatzen dituzten jarduera komunetan parte hartzeko, bakoitzaren jarduera-esparru eta aukeren barruan.

Etxepare Instituaren arabera, hitzarmenaren bidez, besteak beste, jarduera hauek sustatuko dira: “berezko hizkuntzen eta kulturen ezagutza zabaltzea jatorrizko lurraldetik kanpo; kultura-jarduerak planifikatzea eta gauzatzea, adierazpide eta diziplina artistiko guztietan (erakusketak, kontzertuak, mintegiak, topaketak, etab.), kultura-aberastasuna eta -aniztasuna erakusteko; edota erakundeen zentroetan zabaltzeko interesgarriak diren kultur programak edo ekimenak sustatzea”. Horrekin batera,  batzorde misto bat abiatuko dute jarduera horien lankidetza-maila aztertzeko.

Irene Larraza Etxepare institutuko zuzendariaren hitzetan, «mugarri bat gehiago» da akordioa euskal kulturaren nazioartekotzean.”Zentzuduna da bidearen zati bat elkarrekin egitea eta aniztasuna elkar ulertzeko beste modu bat dela aitortzea”, nabarmendu du Larrazak. Iolanda Batallé Institut Ramon Llulleko zuzendariak, halaber, hauxe gehitu du: “Hitzarmen hau denon artean komunikatzeko estrategia baten parte da, elkarrekin urrunago iristen garelako”.