Bizkaiak ekainean hartuko du Urteko Europako Museoen Sarien (EMYA) ekitaldia, Europako museoetako ordezkari ugari elkartuz

2026-03-16

Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, Euskararen Etxeak eta Europako Museoen Foroak European Museum of the Year Awards (EMYA) kongresu eta sariak izango dira ekainaren 10etik 14ra bitartean Bilbon, Museoak eraldatzen: erabateko inklusioa lelopean.

Bizkaiak Europako museo‑ekitaldirik ospetsuena hartuko du 2026ko ekainaren 10etik 14ra: European Museum of the Year Awards (EMYA) kongresua eta sari-banaketa ekitaldia. Euskararen Etxea — Europako Kontseiluaren 2025eko Museoen Saria jaso duen erakundea — izango da nazioarteko topaketa honen anfitrioia. Euskararen Etxeak eta Europako Museoen Foroak elkarlanean antolatutako kongresua Museoen sektoreko profesionalentzako eta kultur eragileentzako hiru eguneko biltzarra izango da.

 Europako hainbat museoen ordezkari batuko dituen hitzordu hau Euskararen Etxean hasiko du egitaraua eta ondoren Kongresua Euskalduna Jauregian egingo da, eta sari‑banaketa ekitaldia Guggenheim Bilbao Museoan egingo da; era berean, parte‑hartzaileek Bizkaiko eta Bilboko zenbait museo eta eskualde ezagutzeko aukera izango dute.

EMYA 2026 sarietarako izendatutako 17 herrialdetako 34 museok beren lorpenak aurkeztuko dituzte Bilbon. Ekitaldiak, besteak beste, etorkizunera begirako estrategiak garatzea du helburu, egungo erronkei erantzuteko eta elkarrizketarako eta hezkuntzarako espazioak sortzeko, komunitateetan eta komunitateentzat.

Gaur aurkeztu dira prentsaurrekoan kongresuaren egitaraua eta irudia. Bertan izan dira Euskara, Kultura eta Kirol diputatua Leixuri Arrizabalaga eta Euskararen Etxeko zuzendari Iurdana Acasuso. Prentsaurrekoan Amina Krvavac, Europako Museoen Foroko presidenteak, bidalitako mezua ere eman da ezagutzera.

Arrizabalagak adierazi duenez, “Bizkaia kultura‑lurralde dinamikoa da, eta erreferentzia‑puntu bihurtu da berrikuntzarako, museo‑jarduera garaikiderako eta nazioarteko kultura‑trukerako. Horregatik guztiagatik, Bizkaia leku ezin hobea da topaketa honetarako. Lurralde horretan, tradizioa inspirazio‑iturri da berrikuntzarako”.

Iurdana Acasuso Atutxa Euskararen Etxeko zuzendariaren esanetan, “guretzat aukera bat da EMYA2026 antolatzea. Batetik, ikasteko aukera bat da: Europako 34 museo berri aurkeztu dira, euren proposamen berritzaileekin. Aurretik, gainera., EMYAren bikaintasun irizpideak pasatu dituzte; beraz, onenen artean onenak izango dira gurean. Bestetik, sarea egiteko aukera ere bada,  Europako askotariko 300 profesional bilduko baitira topaketan; eta, azkenik, gure bikaintasuna eta profesionaltasuna gure kide europarren aurrean azaltzeko aukera ere izango dugu”.

Amina Krvavac Europako Museoen Foroko presidentearen esanetan “Aukera zoragarria da museoetako zein kulturako profesionalak eta komunitateak biltzeko, berez kulturgune zirraragarria den hiri batean. Munduko gertaerek bakea, elkar ulertzea eta ondare partekatua zein hauskorrak izan daitezkeen gogorarazten diguten une honetan, museoek konplexutasun horren alde nabigatzen nola lagun diezaguketen aztertuko dugu.”

Ia bost hamarkadatan zehar, EMYAk museo‑jardunaren berrikuntzan eta kalitate publikoan bikaintasuna defendatu du, herritarren, demokraziaren, giza eskubideen eta jasangarritasunaren aldeko konpromiso irmoa erakutsiz, eta muga kultural, sozial zein politikoak gainditzen lagundu du.

2026ko edizioan, Museoak eraldatzen: erabateko inklusioa lelopean, museoek aurrez ezarritako egiturak nola gaindi ditzaketen, irisgarritasuna nola hobetu dezaketen eta askotariko komunitateentzat benetan inklusiboak diren kultur espazioak nola sustatu ditzaketen jorratuko da.

Izen-ematea:

Dagoeneko martxan da emya2026bilbao.eus webgunea, eta bertan Kongresuan parte hartzeko izena emateko formularioa jasotzen da.

Prezioak arrazoizkoak dira sektoreko profesionalen parte hartzea sustatzeko; esaterako, Bizkaiko museoetako langileentzako prezioa baxuagoa da, baita ikasleentzat ere.

Horretaz gainera, apirilaren 21a baino lehen izena emanez gero, prezioak merkeagoak dira.

Egitarau osoa, hemen.