
BEST – Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak lau urte daramatza emakume sortzaileen arteko sarea josten, ikusgarritasuna ematen eta kolektibitate feministatik abiatutako gogoeta sustatzen. Xedea sarea sortzea da, emakumeen presentzia nabarmentzea eta glotofeminismoaren eta intersekzionalitatearen begiradatik kultura ulertzeko modu berriak sortzea.
Edizio honetan ardatz nagusiak hauexek izango dira: Bizkaiko emakume musikarien egoera, emakume sortzaileen erresistentziak eta “unibertsaltasun” hegemonikoari buruzko eztabaidak.
Euskararen Etxeak ere parte hartuko du ekimenean. Hala, irailaren 29tik urriaren 15era, Bizkaiko emakume musikariak glotofeminismotik izenburuko erakusketa ikusi ahalko da Euskararen Etxean, Mintzo aretoan.
“Erakusketak Bizkaiko emakume musikarien egoera aztertzen du glotofeminismoaren ikuspegitik. Emakume musikariek dituzten erronkak bistaratuko dira: ikusgarritasun falta, espazio publikoaren maskulinizazioa, genero-arrakalak eta hizkuntza gutxituen erabileraren erronkak. Lan hau Mar Molinak eta Alaitz Urrutiak sortu dute, datu, testigantza eta ikus-entzunezko materialen bidez. Erakusketak formatu bisual eta esperientziala eskaintzen du, ikusleak hausnarketarako espazio aktibo batean murgilduz”.
Topaketei buruzko informazio guztia, hemen.
