
Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldien 25. edizioa aurkeztu du gaur, zeina arkitekturaren inguruan ardaztuko den. Hala, urrian zehar, 160 erakundek (54 udal, 79 kultura-entitate, 27 museo) antolatutako 250 kultura-jarduera izango dira, betiere Bizkaiko arkitektura-ondarea herritarrengana hurbiltzeko asmoz.
Euskararen Etxeak ere jardunaldi horietan parte hartuko du. Horretarako arkitektura hizpide duten bi jarduera antolatu ditu. Batetik, urriaren 17an, familiei zuzendutako Komunitatea Eraikiz izenburuko tailerra izango da, 17:30etik aurrera: “komunitatea landuko dugu, jolasa eta arkitekturaren bitartez. Criaturas Infinitas kolektiboaren lantegiak irudimena, pentsamendu kritikoa eta arazoen konponbidea sustatzen ditu”
Bestetik, urriaren 18an, Adreiluzko bizipenak bisita gidatua izango da, San Ignazio auzoan barrena: 12:30ean, euskaraz eta 11:00etan, gaztelaniaz: “auzoko kale, eraikuntza eta leku adierazgarrien sorreran eta garapenean murgilduko gara. Bere komunitatearen historia ezagutuko duzu”.
Egitarau osoa eta erreserbak www.ondareabizkaia.eus webgunean edo 94 402 80 81 / info@euskararenetxea.eus
