Maite Sarasolak eta Xabat Galletebeitiak Euskararen Interpretazio Zentroan egingo dute bertsotan, hilaren 30ean

2024-11-25

Bertsolariek saio berezi bat eskainiko dute ‘Gida Bira‘ egitasmoaren harira. Euskararen Interpretazio Zentroko gidari lanak egingo dituzte, bertsotan, bisitara gerturatzen direnen gozamenerako. Saioan parte hartu gura duten herritarrek ezinbestekoa dute izena aldez aurretik 944028081 telefonoan edo info@euskararenetxea.eus helbidean ematea.

Azaroaren 29tik abenduaren 3ra arte, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, Gida Bira egingo da Bizkaiko Foru Aldundiaren hamar museoetan. Erakustokiek berso-saio bereziak hartuko dituzte ondarea eta bertsolaritza batze aldera. Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, iragarri duenez, “bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, gure ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz”. Euskararen Interpretazio Zentroari dagokion saioa azaroaren 30ean egingo da, 12:00etan.

Gainerako bederatzi saioak honako leku eta data hauetan egingo dira:

Egitaraua

Azaroaren 29an hasiko da Gida Bira Bermeoko Arrantzale Museoan, Ander Elortegi eta Enare Muniategi bertsolarien eskutik, 18:00etatik aurrera. Iñaki Marcaidaren argazkiekin edertutako Bermeo Portu Zaharra 1877-2024 erakusketan murgilduko dira bertsolariak.

Azaroaren 30ean, Arkeologia Museoan, Bilbon, Iruri Altzerreka eta Gorka Pagonabarraga bertsolariak izango dira, 17:00etan, eta Neandertalak erakusketa izango dute abiapuntu.

Abenduaren 1ean, bost saio izango dira: Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan Koldo Gezuraga eta Izaro Bilbao arituko dira bertsotan, 12:00etan; museo horretan Pieza bat, istorio bat: Oihal ebakitzailea aldi baterako erakusketa dago ikusgai. Muskizen El Pobaleko Burdinolan, Iruri Altzerreka ibiliko da bertsotan 11:30etik aurrera, Olentzero eta Mari Domingi ere museoan izango dira egun horretan. Euskal Herria Museoan, Gernikan, Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga bertsolariak arituko dira bisita berezi hau gidatzen, 12:30ean. Santimamiñen, Kortezubin, Aissa Intxausti eta Aitor Etxebarriazarraga izango dira, 12:00etan, eta, azkenik, Txakolin Museoa-Txakolingunean, Bakion, Jone Larrinaga eta Asier Galarza bertsolariak ibiliko dira bisitariak gidatzen, 12:00etan.

Abenduaren 3an, bi saio izango dira, biak ala biak Bilbon: goizez, 11:30ean, Xabat Galletebeitia eta Ane Labaka bertsolariak Bizkaiko Foru Jauregian arituko dira bertsotan, eta arratsaldez, 18:00etan, Maite Sarasola eta Eneko Abasolo Abarkas bertsolariek Ondare Aretoko bisita gidatuko dute; hain zuzen ere, Kameratik Orratzera Eulalia Abaituaren argazkietatik abiatutako Bizkaiko XIX. eta XX. mendeko emakumeen jantzien erakusketa izango dute hizpide.

Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da ezinbestez. Horretarako, beharrezkoa da museoekin eta aretoekin hartu emanetan ipintzea:

Museoen eta aretoen kontaktuak: