Bizkaian 200dik gora jarduera egingo dira, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan

2024-09-18

Bide, sare eta loturen ondarea lelopean egingo dira aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldiak Bizkaian; jardunaldien 24. edizioak 200 jarduera baino gehiago eramango ditu Bizkaiko 72 udalerrira, urrian.

“Ondarearen Europako Jardunaldiek gizartea sentsibilizatu nahi dute kultura-ondarea ezagutzeak, baloratzeak eta babesteak duen garrantziaz”.

“Edizio honetako formaturik ohikoena ibilbide gidatuak izango dira, udalerri bakar batetik edo hainbat herri lotuz egingo direnak. Bide eta galtzada zaharretan zehar, baserriak, zubiak, ermitak, errotak eta burdinolak, kargategiak… bisitatuko ditugu. Gainera, hitzaldiak eta solasaldiak, liburuen aurkezpenak, dokumentalen proiekzioak, kontzertu didaktikoak, tailerrak eta erakusketak egingo dira”.

Euskararen Etxeak ere parte hartuko du jardunaldi horietan; hain zuzen, Euskara, mugez gaindi izenburuko bisita gidatua egingo da Euskararen Interpretazio Zentroan, urriaren 19an:

Historian zehar euskarak mundu zabalean eraiki dituen zubiak eta egin dituen bidaiak aztertuko dira Euskararen Interpretazio Zentroak eskainiko duen bisita gidatu berezi honetan, zentroaren ikuspegi berri bat agertzeko asmoz.

Euskarak ibilbide historiko luze eta oparoa egin du, XVI. mendean Euskal Herriko baleazaleek tribu eskimalekin izandako harremanetik, XIX. mende amaieran AEBetako Kalifornian sortutako euskarazko egunkarietara.

Horretaz gainera, euskarak bere bidea egiten jarraitzen du nazioartean. Hala, egungo euskal diaspora inoiz baino aberatsagoa da, euskarak mugak gainditzen jarraitzen duela erakusteko.

Bisita euskaraz, 12:30ean, eta gaztelaniaz, 11:30ean, egingo da; parte hartu nahi izanez gero, eman izena: 94 402 80 81 / info@euskararenetxea.eus.

Ondarearen Europako Jardunaldiei buruzko informazio guztia, hemen.

https://ondareabizkaia.eus