Oihana Bartra eta Miren Amuriza bertsolariak Euskararen Interpretazio Zentroan arituko dira abenduaren 2an

2023-11-21

Abenduren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak ‘Gida Bira’ ekimena jarri du martxan, zeina Euskararen Etxeak ondu duen, Bizkaiko foru museo eta aretoen parte hartzearekin.

Ekimenak Bizkaiko Foru Jauregia, museo eta aretoetako ondarea eta bertsogintza bilduko ditu, bisitariei esperientzia kultural berezi eta erakargarri bat luzatzeko helburuarekin; hain zuzen, abenduaren 1ean, 2an, 3an eta 4an, museo eta aretoetan, bisita gidatuak bertsolarien parte hartzearekin egingo dira. Hala, bertsolariek haien ekarpen oparoa egingo diote gidarien diskurtsoari, bisitarien gozamenerako.

Bada, abenduaren 2an, Oihana Bartra eta Miren Amuriza bertsolariak Euskararen Etxean kokatutako Euskararen Interpretazio Zentroan izango dira, 12:00etatik aurrera.

Euskarak munduari begiratzeko aparteko modu bat eskaintzen du, eta oraingoan, begirada hori bertsolarien bidez islatuko da Bizkaiko Foru Jauregian eta foru museo eta aretoetan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz.

‘Gida Bira’ Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimenaren edizio berria aurkeztu dute Isaac Amezaga Euskara Zuzendari Nagusiak eta Iurdana Acasusok Euskararen Etxeko Zuzendariak Bizkaiko foru museo eta aretoko zuzendariekin batera. 

Isaac Amezagak azaldu duenez “bertsolariak gidari lanetan arituko dira museo eta aretoetako bisitetan, gure ondareari haien ekarpen oparoa eransteko eta bisitariei gure ondarearen bestelako ikuspegi bat erakusteko asmoz”. Amezagak gaineratu duenez, “euskara, gure ondarea eta gure kulturaren adierazpide garrantzitsuenetariko bat batuko ditugu, bisitariei jarduera kultural berezia eskaintzeko, betiere, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko xedearekin”.

Ekimena abenduaren 1ean, 2an, 3an eta 4an ospatuko da Aldundiko hamaika ezpazio ezberdinetan eta 13 bertsolarik hartuko dute parte. Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariak Bilboko Rekalde Aretoan kokatutako Eduardo Sourrouille artistari buruzko erakusketan parte hartuko du. Asier Galarza Bilboko Arkeologi Museoan izango da. Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga bertsolari-bikoteak Gernikako Euskal Herria Museo bisitatuko du. Oihana Bartra eta Miren Amuriza Bilboko Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa berrituan murgilduko dira. Koldo Gezuragak Bilboko Ondare Aretoan dagoen Zinemarako Arkitekturak Bilbon erakusketari buruzko bertsoak botako ditu. Eneko Abasolo Abarkas bertsolaria Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da. Ander Elortegik Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa bisitatuko du. Iruri Altzerrekak Muskizko El Pobaleko Burdinola Museoan egingo duten Basotik burdinolara ekimenean parte hartuko du. Aitor Etxebarriazarraga Kortezubiko Santimamiñen izango da. Aissa Intxaustik Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunea bisitatuko du, eta, azkenik, Garazi Navarro Bizkaiko  Foru Jauregian barrena ibiliko bertsotan.

Egitaraua

Abenduaren 1ean hasiko da Gida Bira ekimena Bilboko Rekalde Aretoan, 19:00etan, Ibon Ajuriagojeaskoa bertsolariaren eskutik.

Abenduaren 2an, berriz, 12:00etan, Euskararen Etxean, Oihana Bartra eta Miren Amuriza arituko dira bertso-bisita egiten. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, 12:30ean , Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga arituko dira Gida Biran. Egun horretan Bilboko Arkeologi Museoan, 18:00etan, Asier Galarza izango da bertsotan. Eta Bilboko Ondare Aretoan, 19:00etan, Koldo Gezuraga arituko da bisitan.

Abenduaren 3an Balmasedako La Encartada fabrika-museoan, Ander Elortegi arituko da bertsotan, 12:00etan. Egun horretan bertan, Muskizeko Pobaleko Burdinolan ere izango da Gida Bira, 11:30ean, Iruri Altzerrekaren eskutik, eta abenduaren 3an, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Eneko Abasolo Abarkas izango da bertsotan, 12:00etan. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan, Txakolin Museoa-Txakolingunean, Aissa Itxausti bertsolaria izango da, 13:00etan. Azkenik, Aitor Etxebarriazarraga Santimamiñen izango da, 12:30ean.

Azkenik, abenduaren 4an Bizkaiko Foru Jauregiak Garazi Navarro bertsolariak eskainiko du Gida Birako bisita 12:45ean.

Bisita gidatuetan parte hartzeko izena eman beharko da ezinbestez. Horretarako, jarri harremanetan museo eta aretoekin:

Museo eta aretoen kontaktuak:

Informazio gehiago, hemen.