111 Akademiako kideek “Eraikuntzarako materiala” saritu dute

2022-04-26

111 Akademiak jakinarazi duenez, Eider Rodriguezek irabazi du 2021eko 111 Akademiaren Saria idazlearen estreinako eleberriarekin, Eraikuntzarako materiala.

“111 Akademiak Eider Rodriguezi (Orereta, 1977) emango dio 2021eko 111 Akademiaren Saria. Akademiakideek Rodriguezen Eraikuntzarako materiala eleberria izendatu dute 2021eko libururik gogokoen. 212 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 127k parte hartu dute 2021eko sariduna izendatzeko 2022ko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Rodriguezen lanak Itxaro Bordaren ‘Euri zitalari esker’ eleberria izan du lehiakide azken bueltan. 111 Akademiak jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du ekaineko bigarren edo hirugarren astean”.

Nobelaren protagonista eraikuntza sektorean diharduen gizona da. Hala, bere alabaren ikuspuntutik abiatuta, irakurlea gizon horren gainbeheran murgilduko da, zurrutean hondoratzen ari baita.

Sinopsiak honela dio: “Harea, zementua, karea. Zerekin taxutu absentzia? Nola zutitu ez dagoena? Zegoenean ere, maiz erortzear zena? Etxeak egiteko behar den guztia saltzen zuen aita bat. Alkoholak blaitutako aita bat.

Heriotzaren atezuan abiatzen du kontakizuna liburu honetako narratzaileak. Heltzear da, helduko da, eta hainbestetan sofatik lan handiz altxatzen ikusitako aita, kalea balantzaka zeharkatu eta bulegoaren iluntasunean gotortzen zena, hitzekin laztantzeko modu bat entseatuko du alabak. Batera eta bakarka izandakoaren memoria sortu.

Zaldiak, igerilekua, kaleko jendea, bigarren etxe izandako almazena, sua, azulejuak, soldaduskako eskutitzak, Benicassimeko apartamentua, gasolina, landareak. Aita baten puskak bildu ditu Eider Rodriguezek bere aurreneko nobelan. Denboran luzatutako gainbeheran murgildu, eta, izendatu ezin direnen aurrean, eremu laiotz bat argitu”.