Cormac McCarthy-ren “Jainkoaren Seme” plazaratu du Igela argitaletxeak

2022-02-16

Cormac McCarthy idazle estatubatuarrak 1973. urtean idatzitako Child of God (Jainkoaren Seme) eleberria plazaratu du Igela argitaletxeak.  Juan Mari Mendizabalek ekarri du euskarara,  eta Anjel Lertxundik epilogoa idatzi du. Joseba Agirrezabalaga, berriz, azalaz arduratu da.

McCarthy bizirik dagoen idazle estatubatuar onenetarikoa da, eta biolentzia eta tragedia uztartzen dituen Southern Gothic genero narratiboaren  ordezkaria da.

Bere ibilbidearen hastapenetan idatzi zuen Jesusen Seme, zeina euskarara ekarritako McCarthyren lehen obra den. Honatx sinopsia: “Lester Ballard izaki ustela da. Bere infernurako bidea da hau. Ez da esperantzarik Tennesseeko baso goibeletan.

Zergatik da, bada, hain nobela nabarmena? Faulknerren oinordeko behinenak idatzi duelako, humanitatearen akaberak zer dakarren erakusten digulako, uste baino gertuago ditugun Tennesseeko baso goibelei ere euskara darielako.

Gau eremu ilunagorik egon balitz, aurkituko zukeen, dio narratzaileak. Zenbatetan ez garen ilunpean galdu. Lester Ballard izaki ustela da. Eta, halere, zu izan zintezke Lester Ballard”.

McCarthyk makina bat nobela arrakastatsu idatzi ditu; haietariko batzuk zinean ikusi ahal izan dira, tartean, No Country for Old Men (2005) eta The Road (2006). Haatik, zaleen eta adituen nobela kutuna Blood Meridian (1985).