Tartean Teatroak “Alderray” antzezlana estreinatuko du

2022-01-11

Pertsonaien ehiztari bilakatutako Alderray izeneko istorio kontalariaren inguruko istorioa estreinatuko du Tartean Teatroak Bilboko Arriaga Antzokian martxoaren 9an eta 10ean, 19:30etik aurrera.

Honela dio obraren sinopsiak: “(Alderray) eskale erraria dela uste baduzu ez zara oso oker ibiliko ere. Bere ofizioa maite du eta bere arauak errespetatzen ditu. Alderrayk ez du pertsonaiarik asmatzen, kontatzen duen guztia benetan gertatu da, hiri honetan eta gaur egun. Ez da fikziozalea. Milaka pertsonaia ehizatu ditu, baina bat falta zaiola sentitzen du. Azkena, behin betirakoa. Harrapatu arte ez du atsedenik izango”.

Patxo Telleriak idatzi du obra, eta Jokin Oregi eta Patxo Telleria bera dira zuzendariak. Oholtzan, halaber, Mikel Martinez eta Sandra Fernandez Aguirre aktoreak izango dira.

Bilboko estreinaldiaren ondotik, hainbat antzokitan aurkeztuko dute Alderray: Kultur Leioa (martxoak 18), Serantes Kultur Aretoa (apirilak 7), Iruñeko Escuela Navarra de Teatro (apirilak 27), Astigarragako Erribera Kulturgunea (apirilak 30), Basauri Social Antzokia (maiatzak 13), Gernikako Lizeo Antzokia (maiatzak 20)…

Informazio gehiago, hemen.