PEN International-en eta Euskal PENen historiaz

2021-09-15

1921ean jaio zen PEN International; beraz, 100 urteko ibilbidea egin du aurten. Mendeurrena tarteko, nazioarteko erakundeak 500 irudirekin osatutako eta 320 orriko liburu grafikoa plazaratu du, ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz.

Euskal PEN klubak ere euskaraz argitaratuko du liburua, beste hainbat taldek ere egin duten legez. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Etxepare Euskal Institutuak lagundu dute itzulpena, eta urriaren 5etik aurrera hasiko dute euskarazko bertsioaren banaketa, gainerako hizkuntzetako liburuekin egingo duten legez.

Liburuan Nazioarteko PENen 100 urteko historia ez ezik, euskarazko bertsioaren azken atalean Euskal PENen historia ere gehitu da. Atal horren aparteko separatak ere aurkeztu zituzten atzo Euskararen Etxean, Euskal PEN hiru jauzitan.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara Kultura eta Kirol Saileko diputatuak eta Urtzi Urrutikoetxeak eta Laura Mintegik Euskal PENeko zuzendaritzako kideek parte hartu zuten aurkezpen-ekitaldian.