Uda kulturaz beteko da Oihaneder Euskararen Etxean

2021-07-05

Gasteizen kokatutako Oihaneder Euskararen Etxeak kultur egitarau oparoa ondu du udarako: lehiaketak, deialdiak, filmak, kontzertuak, antzezlanak eta familia jarduerak. “Aurten ere, udako eguzki goseak eta ur egarriak kulturaz berdintzea, asetzea, proposatuko da. Oihanederren egingo diren jarduerak ez dira hiriko bakarrak izango, jakina, baina eskaintza osoa euskara hutsean egingo dutenak, seguru baietz!”.

Egin leku! musikari hasiberrientzako deialdiaren hasiko da egitaraua. “Musikaren munduan lehen urratsak eman, eta taula gainera salto egin nahi duten artistei zuzenduta dago deialdia”. Proposamenak bidaltzeko epea 25era arte egongo da zabalik. Emanaldiak urrian hasiko dira.

Uda giroan, aire zabaleko kontzertuak ikusteko aukera ere izango da, Belar Sounds zikloaren baitan, zeina Montehermoso Kulturunearekin elkarlanean ondu duten. Hala, irailaren 11ra bitartean, Voodoo Charms, The Binilo’s, Resaca Jackson, Serious Business, Belceblues eta Neona taldeen kontzertuak izango dira.

Horrekin batera, musika eta zinema uztartzen dituen Kortxeak & Krispetak zikloaren edizio berri bat ere egingo da. The Rise Of The Synths, Stiv eta Searching for Sugar Man filmak pantailaratuko dira.

OPORKLIK! argazki-hizki lehiaketa ere izango da. “Eragile euskaltzale ezberdinekin elkarlanean antolatutako jarduerek eragin eta arrakasta zabalagoa dutela ikusita, udan zehar Oihanederren antolatu izan den argazki-hizki lehiaketa aurten ALEA komunikazio Taldearekin eta Gauekoak aisialdi-programarekin batera antolatu da”.

Ostegun iluntzetan, bestalde, umorea nagusituko da Irri-barra saioekin. Bi emanaldi egingo dira Falerina lorategian, uztailean eta abuztuan, eta ondoko aktore hauek parte hartuko dute: Esti Curiel, Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebara.

Azkenik, iraileko lehen asteetan, txikiei zuzenduta Dona-dona katona egitaraua abiatuko dute. “txikienak hazteko eta nagusienak gaztetzeko lantegiak eskainiko ditu Txatxilipurdi elkarteak, oraingo honetan naturak eskaintzen dituen baliabideak erabilita”.

Informazio gehiago, hemen.