Mintzola Fundazioak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dituzte Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak; Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatzea eta ezagutaraztea dute helburu. Aurten, soinu artxiboak izango dituzte aztergai, Soinu artxiboak: Egitasmo eta esperientziak izenburupean.
Mintzola.eus webgunean jasotzen denez, “edizio honetan askotariko ezaugarriak dituzten soinu artxiboen egitasmo eta esperientzia konkretuak partekatzeko espazioa sortu nahi da. Soinuzko dokumentazioaren ezaugarrietan begirada jarri eta audio fitxategien bilketa, antolaketa eta zabalkundearen inguruan izandako esperientziak eta kezkak plazaratu nahi dira”.
Jardunaldiak 2021eko ekainak 4an egingo dira, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Horretarako, bost hitzaldi prestatu dituzte antolatzaileek, eta zuzenean streaming bidez jarraitu ahal izango dira. Izena emateko epea ekainaren 3an amaituko da.
Honako hauek parte hartu dute hitzaldietan:
- Iñigo Ceberio eta Irati Etxezabal, Euskadi Irratiko fonoteka
- Adolfo Arejita eta Amaia Jauregizar, Euskaltzaindia: Euskararen Herri Hizkeren Atlasa
- Jon Eskisabel, Badok, Euskal Musikaren Ataria
- Xabier Erkizia, sortzailea
- Marie Bidart-Hirigoyen, ikertzailea
Informazio guztia, hemen.