Dinamoak “Hitzaren Eskola” berri bat abiatuko du irailean

2021-05-20

Dinamoa Azpeitiko Sormen Guneak Hitzaren Eskolaren hirugarren edizioa abiatuko du datorren ikasturtean, 2021eko irailaren 8tik 2022ko martxoaren 26ra bitartean. Matrikulatzeko epea zabalik da, 2021eko ekainaren 17ra arte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 12-15 laguneko talde osatu nahi dute.

“hizkuntza du lehengai, eta hizkuntza bere egin behar du, mundua kontatzeko.Idatzi, aldatu, ezarri, ezabatu, berridatzi, itzuli, esan, esan, eta berriz esan. Berbaren sormen laborategi honetan, hainbat iturritatik edanez, nork bere ahotsa bilatu ahalko du, nork bere hitza”.

Sei irakasle-tutore arituko dira ikasturtean: Amets Arzallus,  Miren Artetxe, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban,  Oier Guillan etab Ula Iruretagoiena.

Eskolaren helburuak hauexek dira:

  • Hitza ardatz hartzen duten hainbat sormen adierazpide ekartzea.
  • Adierazpide guztiak gurutzatzen diren puntuan jartzea arreta: hitza.
  • Hitzaren lanketa integral bat eskaintzea, ikerketatik, sormenetik, esperimentazioari leku eginez.
  • Hitzaren ahalaren jakitun egitea ikasleak, erreferentziak emanez, lanean jarriz, praktikaren bidez.
  • Tradizio bat eskaintzea sortzaile berriei, eta sortzaile berriak tradizio bati.
  • Mundua euskaraz kontatzen jarraitzeko tresnak ematea.

Hitzaren Eskolaren 3. Edizioaren inguruko xehetasun guztiak, hemen.