“Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!” dinamikak hainbat ekitaldi bilduko ditu igandean Euskal Herri osoan

2021-03-24

Aurten, Korrikarik izan ez arren, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika jarri du martxan, euskalduntze-mugimenduaren garrantzia zabaltzeko; igandean, 80tik gora “ekitaldi xume” egingo dira Euskal Herri osoan.

Egitasmoak hiru ardatz ditu:

  • 2021eko gutuna. AEK-k gutun bat helarazi die Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota.
  • Herritarren bultzada ere behar du egitasmoak, “aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin”. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan, 80tik gora, “ekitaldi xume”  antolatu dituzte igandean, martxoak 28. Ekitaldiok eguerdian hasiko dira. Ekitaldiok, hemen.
  • Azkenik, martxoaren amaierara arte, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu zure ekarpena kanpaina ere abiatu du AEK-k. “Korrika atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan, zalantza barik, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diogu erantzuna, hasiera batean. Zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua nahi dugu. Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den KORRIKAk babes erraldoia jasoko duelakoan gaude, benetan behar dugu-eta. Ekarpenak webgune honetan egin daitezke, hainbat eratan. Ikusi hemen”.