Euskarazko album ilustratuentzako Etxepare sariaren edizio berria martxan da

2021-01-14

Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahalko dira.  Album ilustratu bezala ulertzen dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak: Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Ez da onartuko beste inondik moldatutako lanik, ezta aurretik saririk jaso duenik ere”.

Aurkezteko epea maiatzaren 7an amaituko da eta epaimahaiak ekainaren 30a hartuko du erabakia. Sari bakarra izango da, 5.000 eurokoa; lan saritua Pamiela argitaletxeak plazaratuko du.

“Lehiaketan parte hartzen duten egileek albumaren maketa aurkeztu beharko dute, hau da, azken bertsioa inprimatuta, bukatutako albumean agertuko liratekeen testu zein ilustrazioekin. Ez da maketa koadernatu beharrik, nahikoa da maketa modu xume batez jostearekin (grapekin, uztaiekin, espiralarekin e. a.). Horretaz gain, maketaren kopia bat bidali beharko dute: pdf formatuan, lan osoa fitxategi bakarrean. Kopia pendrive batean entregatuko dute (aholkatzen da fitxategiek ez izatea 20 mega baino gehiago). Albumaren testua ere aurkeztu beharko dute, word formatuan (pendrivean sartu beharko dute). Egileek nahi badute, irudi originalak bidal ditzakete epaimahaikideek jatorrizko lana ikus dezaten.

Lanak izengoitiaz izenpeturik egongo dira, eta lanarekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztuko da datu pertsonalekin. Helbide honetara bidaliko dira: Etxepare Saria, Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880 Leitza (Nafarroa)”.

Informazio gehiago