Itsaspeko alemaniarrak eta Athleticen golak, Munduko Lehen Gerran

2020-12-29

Mikel Begoña gidoilariak eta Iñaki Martinez Iñaket marrazkilariak, biak ala biak bizkaitarrak, hainbat komiki argitaratu dituzte Espainiako Norma argitaletxearekin, besteak beste, Ötzi-ren trilogia, Tristísima ceniza eta El pico de los cuervos. Halaber, azaroan, euskarazko Helize plazaratu du bikoteak Harriet argitaletxearekin.

Borja Crespo adituak 2020ko komiki onenen artean paratu du Helize: “Euskal tandemak album berri bat argitaratu du, bereziki irakurle bizkaitarrei interesatuko zaiena. Felix Gorostola ontzi-jabe eta filantropoaren Artaun lurrun-ontzia Glasgow hirira doa Lehen Mundu Gerran. Lehia biziko bi talderen arteko futbol-partida handia, Athletic eta Arenas, ke-gortina izango da operazio sekretu baterako”.

Iñigo Astiz kazetari eta idazleak ere komiki horren inguruko erreportaje interesgarria argitaratu du Berria egunkarian: “`Ze kristo?´. Itzal zehaztugabe erraldoi bat ontzi azpitik pasatzen igarri du lehenik arrantzaleak Plentziako badian (Bizkaia). `Balea ote da?´. Baina olatu batzuk altxa dira berehala, eta zarata mekaniko bat hasi da gero. `Rururururururu´. Urari begira dago jadanik. `Ru?´. Eta, ohartzerako, ia lehertu dio ontzia itsaspeko alemaniarrak, matxuratutako helizea konpontzeko misio sekretuan azaleratu denean, baina hasierako sustoa gorabehera, sakonean, neurrikoa baino ez da arrantzalearen harridura. `Aditu, koño!! Ia-ia hondora bota nauzue!´”.

Honela dio erreportajearen beste zati batek: “Komikia ez da gerrari buruzkoa bakarrik; sasoiko klase gatazken berri ere ematen du lanak, esaterako. Baina, horrez gainera, neurri batean, liburua bada sasoi hartako futbolari egindako omenaldi bat ere”.

Borja Cresporen hitzak gogoratuz, 2020an plazaratu den komiki sendoenetakoa da.