Deustuko Berbaizu elkarteak Euskararen Etxean egingo du Irakurleen Txokoaren hurrengo hitzordua, azaroaren 4an, 18:00etatik aurrera. Zita horretan Maddi Ane Txoperena idazlea izango da, eta Ene baitan bizi da (Elkar) liburua izango du hizpide. Eleberriak X. Gazteluma saria jaso zuen.
Hainbat istorio harilkatzen dira Maddi Ane Txoperena Iribarrenen lehen nobelan: “1950.eko hamarkadan Ipar Euskal Herrian eta Frantzian neskato ibilitako emakumeen errealitateak, lehengo eta oraingo maitasun eta desamodio istorioak, laneko sufrimenduak, gatazka politiko baten ondorengo testuinguru baten ezinak, amatxi-biloba eta alaba-guraso harreman korapilatsuak… Guzia etorkizunaren eta orainaren arteko zubi jolas batean.”
Lan berri honetan Marie, Donibane Lohizuneko gazte bat da protagonista, eta aitari zerbait entzunik, amatxiren bizipenak deskubritu nahi ditu, Parisko ikasketak bururatzeko egin behar duen azken memoria lanerako. Baina egin beharreko lana ez zaio erraza suertatuko, ordea, amatxik ez baitio nahi duena emanen, eta Mariek berak ere ez baitaki zeren bila dabilen, xuxen… Makina bat oroimen agertuko zaizkie, kutxa batean gotorturiko oroitzapen zatiak, tartean, gazte garaiko amets, pentsamendu eta bizi-minak.