Amorantek disko berria aurkeztuko du Bilbon

2020-09-18

Amorante musikariak Bat edo Hiru izenburuko disko berria aurkeztuko du Bilboko Alde Zaharrean kokatutako Bira lokalean, hilaren 30ean, 20:30etik aurrera. Sarrerak astelehenetik aurrera eskuratu ahalko dira.

Forbidden Colours diskoetxearen bidez plazaratuko du Bat edo Hiru Iban Urizar Amorante (Elgoibar, 1975) musikariak. Diskoak zazpi doinu biltzen ditu, tartean, Mikel Laboraren Ama Hil Zaigu.

Diskoa Aitor Etxebarria musikari gernikarrak ekoitzi (Forbidden Colours zigiluaren buru ere bada).  Mondo Sonoro argitalpenean Amorantek adierazi duenez, Etxebarriaren lana “ezinbestekoa” izan da. “Berak grabatu du grabaketa eta oso chill izan da dena. Intuizioan sinesten dut, eta Aitor maisua da horretan. Ukitu txikiak egin ditu eta pintzelakada elektroniko bat edo beste ere. Bera gabe diskoa beste modu batekoa litzateke”.

Zenbait kolaboratzailek ere parte hartu dute grabazioan, besteak beste, Mariano Hurtadok (kontrabaxua) eta Joseba Irazokik (gitarra). Uxue Alberdik, halaber, kantu baten hitzak ere idatzi ditu, XVII. mendean Donostian burututako esklabu salmenta bati buruzkoak.

Amoranteren hirugarren lana izango da Bat edo Hiru. Aurretik beste bi grabazio argitaratu ditu elgoibartarrak, biak ala biak iraupen laburrekoak: 2017an, bi kantuz osatutako binilozko singlea, Manuela eta Brueghel Zarra, eta 2016an, bost doinuz osatutako soinu postal digitala, Amorante.