Euskararen Interpretazio Zentroak eskaintzen duen Eskola Programan parte hartu duten 15 eta 18 urte bitarteko ikasleek egindako collageekin osatu da Euskararen Lorategia erakusketa koloretsu eta irudimentsua, zeina sarean ikus daitekeen, hemen. Horrekin batera, euskarak ikasleengan eragiten dituen iritziak ere bildu dira, collageetan txertatu dituzten testuekin osatutako zuhaitzean.
Eskola Programan EIZko edukiak lantzen dira, eta edukiok ikasmaila ezberdinetara egokitzen dira; Euskararen Lorategia, hain zuzen, DBH3, DBH4 eta Batxilergoko ikasleekin jorratzen den jarduera da, ikasleak euskararen aniztasunaz jabetu daitezen, eta euskararekiko duten harremanari buruz gogoeta egin dezaten. Horretarako, haien sormena garatzen dute collage teknikaren bitartez.