‘Miñan’, migranteak eta euskaldunak (Susa, 2019) Amets Arzallusek idatzitako liburua izango dute hizpide martxoaren 3an, 18:00etan (ordua aurreratu daiteke, osasun egoera tarteko) Deustuko Berbaizu elkarteko Irakurleen Txokoak. Saioa Bilboko San Iganazio auzoan dagoen Euskararen Etxean.
Arzallusen lanak Ibrahima Balde ginearraren bizipenei ematen dio ahotsa. Izan ere, Irungo harrera sarean ezagutu zuten elkar, Amets Arzallus asiloa eskatzen dutenei tramitazioa egiteko laguntzen zebilela. Solasaldi horretan hezurmamitutako harremanaren emaitza da beraz Arzallusen nobela. Anaia desagertuaren bila hartu zuen Ibrahima Baldek Europarako bidea, sorterria, familia eta bere bizitza atzean utzita. Bidaiaren kronika da Miñan, Balderen ahotsaz eta Amets Arzallusen hitzez sortutakoa.
Idazlearen hitzetan, “Mediterraneoa zeharkatzen dutenek deshumanizatzea ezinbestekoa dute, beraien heriotzen, kanporatzeen edota ilegalizatutako bizitzen gaineko ezaxola zabaltzeko. Baina bizitza horietako bakoitza bakarra da, eta, beraz, unibertsala”.