Ane Labaka bertsolari eta Txakur Gorria Sormen Kolektiboko kide lasartearrak Lisipe bildumaren hurrengo liburua aurkeztu du datorren astean, Algara mutilatuak. Umorearen aho bikotasunaz, feminismotik.
Aurkezpen-ekitaldia martxoaren 22an egingo da, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko Mandasko Dukearen aretoan, 11:00etatik aurrera. Online ikusteko aukera ere izango da, ondoko estekaren bidez: https://meet.jit.si/susa
Hauxe biltzen du saiakeraren sinopsiak: “Atal asko mutilatu daitezke gorputz batean, batzuk besteak baino ikusgarriagoak, baina guztiak ere berdin mingarriak ebaketa nozitu duenarentzat. Hain ezaguna ez izanagatik ere, ohikoa den mutilazio horietako bati heldu dio Ane Labaka Mayozek bere lanean, algararen erauzketari. Emakumezkoon gorputzetan fenomeno hori nola ematen den ikertzea izan du jomuga. Ariketa horretan bidaide izan ditu ipuin kontalariak, clownak, formatzaileak, aktoreak, aktibista feministak, gai jartzaileak eta bertsolariak, guztiak ere umorean arituak —eta, beraz, adituak— diren emakumezkoak, eta haien errelatoekin osatu du sentikortasunen gorputz mapa bat, zauri irekiez, orbainez eta sendabideez diharduena”.
Bertsozale.eus webgunean jasotzen denez, Euskal Ikasketetako Gradua egin zuen Gasteizen Labakak. Gerora, Gizarte Antropologiako Masterra eta Ikasketa Feministak eta Generokoak izenekoa burutu ditu. Azken bi horietan egindako ikerlanetan bertsolaritza eta umorea(k) izan ditu aztergai, genero-ikuspegitik. Txakur Gorria Sormen kolektiboko kidea da Malen Amenabar, Mariñe Arbeo eta Nerea Ibarzabalekin batera; iaz, Orainmenean ikuskizuna estreinatu zuten Euskararen Etxean burututako Hi(ZKI)bridoak zikloaren baita. Zutabegile dihardu Berria eta Argia argitalpenetan, eta Lasarte-Oriako bertso-eskolako gaztetxoen irakaslea nahiz transmisioko proiektu ezberdinetako hezitzailea ere bada.