“Orainmenean”, ikus-entzulez betetako genealogia feminista posible baten kronika

2020-10-09

Atzo burutu zen Hi(ZKI)bridoak zikloaren udazkeneko lehendabiziko hitzordua: Txakur Gorria Sormen Kolektiboak Orainmenean ikuskizuna aurkeztu zuen jendez gainezka zegoen Euskararen Etxeko Berba aretoan, izan ere, gonbidapen guztiak banatu ziren ia astebete lehenago. Halere, bertaratu ez zirenek saioa streaming bidez ikusteko aukera izan zuten, Euskararen Etxeko Youtube kanalean.

Txakur Gorriak taldeak estreinakoz oholtzaratu zuen atzo Orainmenean. Kolektiboko kideek bertsoak eta ilustrazioak uztartu zituzten bertsolaritzaren “genealogia feminista posible” bat josteko xedearekin: iraganak itotako emakume bertsolariak “erreskatatzea” eta egungo emakume bertsolariei “elkarrekin kantatzeko eta esperimentatzeko gune berriak eskaintzea”.

Horretarako ilustrazioekin osatutako erakusketa integratu zuten atrezzoan. Horrekin batera, ahaztutako emakumeei buruzko informazioa eta sortutako ilustrazioak liburuxka batean jaso zituzten. Hala, Amaia Agirre gai-jartzaileak ilustrazio eta liburuxkako informazio hori abiapuntutzat hartuta jarri zituen gaiak. Bertaratutakoek liburuxka erosteko aukera ere izan zuten.

Saio mamitsua izan zen, gogotik jo zituzten txaloak bertaratutakoek eta barre algaretarako tartea ere eskaini zuen saioak. Agirrek jarritako ariketa eta erronkei gogotsu erantzun zieten bertsolariek eta urteetan itzalean egondako emakume bertsolari batzuengana gerturatzeko aukera bikaina izan genuen. Amaieran entzulea ere jokoan sartu zuen gai-jartzaileak nor da nor jolasa eginez. Bartrak azken agurrean esan bezala: “Nor da nor berdin zaigu, guztiok gara nor”

Bigarren hitzordua, “Anfetamiña”

Hi(ZKI)bridoak zikloko hurrengo zita Muga taldeak aurkeztuko du, Anfetamiña, urriaren 22an, 19:30ean. Xabier Montoiaren Anfetamiña liburutik abiatzen da Muga. Poesia, rock musika eta ikus-entzunezkoak batzen ditu. Montoiaren lehen poema liburua izan zen Anfentamiña, eta Alberto Gonzalez musikariak (Aterkings edo 6nemen9) kantu bihurtu du, Iñigo Romera (Cancer Moon, El Inquilino Comunista), Iñigo Eguillor (Gringo, Trampas) eta Itziar Beristain musikarien laguntzaz.  J.A. Goñi Areta Juxe argazkilariaren irudiekin jantziko dute saioa. Mugaren ekitaldia ere streaming bidez emango da.